14 Oct, 2022
Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak eta Jon Mancisidor EDE Fundazioko presidenteak gaur, 2022ko urriaren 14an, sinatu dute zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko konpromisoaren aldeko hitzarmena berritzeko dokumentua. Halaber, lankidetza-hitzarmenak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena jasotzen du eta GJHen 5. eta 8. helburuak betetzea du xede.
EDE Fundazioak eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Hala, bi erakundeek konpromisoa hartu dute zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko ekintza bateratuak garatzeko, arreta berezia jarriz lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituzten emakumeengan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapenean eta Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko ahaleginean (Batez ere 5. helburua, Genero Berdintasunari buruzkoa; eta 8. helburua, lan duinari eta hazkunde ekonomikoari buruzkoa).
Hitzarmenaren barruan Arabako Parke Teknologikoan, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan eta Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan egiteko ekintzak daude. EDE Fundazioarekin lankidetzan arituko dira gizarte bidezkoagoa, solidarioagoa eta parekideagoa garatzeko gizarteratzeko eta lan-munduratzeko programen barruan, hala nola emakumeak gizarteratzeko eta lan-munduratzeko Emaktiva programan, gazteak lan-munduratzeko Gaztebarri programan, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko Lanberri programan, epe luzeko langabeak gizarteratzeko eta lan-munduratzeko programetan eta EDE Fundazioaren Enplegu Inklusiboaren Saileko beste programa batzuetan.
Lankidetzarekin konprometituta
Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak konpromisoa du EDEren Enplegu Inklusiboaren gizarteratzeko eta lan-munduratzeko programetan lankidetzarako boluntariotza-ekintzak sustatzeko, betiere, parkeetan dauden enpresetan hedatzeko: parkeetako enpresek EDE Enplegu Inklusiboaren gizarteratze eta lan-munduratzeko programetan parte hartzen duten pertsonak kontratatzeko ekintzak sustatu eta babesteko; eta EDE Enplegu Inklusiboak garatzen dituen proiektu berriei eta jarduerei buruzko informazioa bidaltzeko, batez ere enpresetako emakumeen eta gizonen berdintasunarekin edo GJHko helburuak jorratzen dituzten eta RPTE enpresentzat interesgarriak diren beste edukiekin zerikusia duten bestelako edukiak.
Hitzarmen honekin, Bizkaiko Parke Teknologiko eta Zientifikoaren eta EDE Fundazioaren artean Emaktiva programa sustatzeko 2019an sortu zen lankidetzari jarraipena ematen zaio, eta hasiera batean, 2023ko abendura arte iraungo du.