09 Feb, 2023

JornadaParke_PORTADA
Gaurko egunez, 2023ko otsailaren 9an, ostegunean, EDE Fundazioaren eta Euskadiko Parke Teknologikoen arteko elkarlanerako hitzarmena aurkeztu dugu Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean EDE Enplegu Inklusiboko lan-munduratzeko eta gizarteratzeko programak sustatu eta hedatzeko.

Jardunaldira joan direnek EDE Fundazioan egiten dugun lana ezagutzeko aukera bikaina izan dute. Hala, gure enplegu-programak eta EDE Enplegu Inklusiboa arloko gure programetan parte hartzen duten pertsonen profilen eta talentuaren berri izan dute bertaratutakoek.

Jardunaldia giro atsegin eta goxoan egin dugu eta Parkeen lan taldeak eta zuzendaritzak harrera abegitsua eta eskuzabala egin digu. Balio handiko ekintzen eta talentudun pertsonak enpresetara gehitzeak dituen onuren inguruan hitz egin dugu. Hala, elkarlanarekin eta aukerekin lotutako testigantza baliotsuak entzun ditugu eta, amaitzeko, GJHen inguruko konpromisoak eta horien balio eraldatzailea izan ditugu hizpide, benetakoak eta eraldatzaileak diren esperientziekin, teoria eta praktika oinarritzat hartuta. Jardunaldi honetan, gainera, aliantza berriak sortu dira eta Enplegu Inklusiboaren aldeko apustua egin duten enpresak eta pertsonak elkartu ditu beste behin.

Bertan izan dira Itziar Epalza Urkiaga, Euskadiko Parke Teknologikoen zuzendari nagusia; Begoña Gavilán, EDE Enplegu Inklusiboaren arduraduna; Paola Salanueva Osés, Histocell-eko Giza Baliabideetako kidea; Elvis José Zabala Velasquez, Sisteplanteko programatzailea; Asier Aranbarri, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialeko eta 2030eko Agendako Idazkaritza Nagusiaren barruan dagoen Berrikuntza Sozialeko zuzendaria; eta Juanan Goñi, Guuk Telecomeko CEOa. Gainera, gai horren inguruan konprometituta dauden enpresak ordezkatuz pertsona ugari bildu dira. Guztiek interes handiz hartu dute parte jardunaldian eta hitzaldiak gogoz entzun dituzte. Benetako eraldaketaren eta aukerak sortzearen aldeko apustua eginez, konpromisoak eta apustu horiek errealitate bihurtu dituzte.

Eskerrak eman nahi dizkiegu hilaren 9 honetan gurekin Zamudion egon diren guztiei: haien esperientziak kontatu dituztenei zein ezagutzera, entzutera eta aldaketa sortzera etorri direnei. Era berean, Parkeen Sareari eskerrak eman nahi dizkiogu Sarean ekintza hauek bultzatzearen eta babestearen alde egindako apustu irmoagatik eta bere konpromisoagatik.

Elkarrekin gizarte hobea eraikitzen eta aldaketa iraunkorrak, inklusiboak eta jasangarriak sortzen jarraitzen dugu.