15 Apr, 2025
Imajinatzen duzu nolakoa izan daitekeen benetan adina hain garrantzizkotzat jotzen ez duen gizarte bat? Galdera hori egin du Silver Film Festival jaialdiaren hirugarren edizioak. EDEk antolatutako jaialdi honetan 2000 lagun baino gehiagok hartu dute parte, eta gai nagusia belaunaldien artekoa izan da.
Euskadin aitzindaria eta Estatuan bigarrena den zinema eta pentsamendu jaialdi honek honako galdera hau planteatu du: Imajinatzen duzu nolakoa izan daitekeen benetan adina hain garrantzizkotzat jotzen ez duen gizarte bat? Inor ez da adin bat bakarrik, pertsonak adin bat baino gehiago gara eta, horregatik, gizarteak adin guztietarako izan behar dira.
Hirugarren edizio hau Bilbon egin da martxoaren 24tik 28ra bitartean, eta inaugurazio-ekitaldia Arriaga Antzokian burutu zen. Bertan 540 pertsona bildu ziren (besteak beste, Jon Mancisidor gure presidentea, Jaime García gure zuzendaria eta EDEko ordezkaritza zabala), eta egun horretan, Helena Taberna zinemagilearen ibilbidea aitortu zen. Gainera, BAI antzerki eskolako aktore taldea, Frantxu eta LSB raperoak eta Lova Lois kantautorea izan ziren bertan.
Edizio honetan 16 proiekzio ikusi ahal izan dira, hainbat estreinaldirekin Euskadin. Gainera hainbat mahai-inguru antolatu ziren, kultura belaunaldien arteko lotura gisa tratatzeko. Ana Ibañezek neurozientziaren sekretuei buruzko hitzaldia egin zuen, hobeto bizitzeko. Ana Ibañez burmuin-errendimenduan espezializatutako neurozientzia-tekniken gaineko aditu bakarretakoa da Espainian.
Aurten ere, Arriaga, Guggenheim, Golem eta Azkuna Zentroa izan dira jaialdiaren egoitzak. Julio Medemen presentziaz gozatu ahal izan dugu, eta bere 8 izeneko filma aurkeztu zuen. Mahainguru bikaina izan genuen Helena Tabernarekin, eta euskarazko film eta dokumentalez gozatzeko aukera izateaz gain, bizitza bere pasioari (musika) eskaini dion Jesusiren bizipena azpimarratu beharko genuke. Punkaren beste aldea dokumentalak erakusten digu punkak ez dituela ulertzen mugak eta eredu sozialak, eta Jesusi horren erakusgarri garbia da.
Silver Film Festivalek hil berri den David Lynchen aldeko omenaldi bat egin zuen, Una historia verdadera (The Straight story.1999) filma proiektatuz. Film horrek Alvinen bizipenak kontatzen dizkigu. Bere anaiaren heriotzaren berri jasotzen du eta Wisconsinera joatea erabakitzen du daukan garraiobide bakarrean: belarra mozteko makina bat.

Silver Film Festival 2022an sortu zen, TU & YO (Marian Gerrikabeitia) ekoiztetxeak eta EDEk elkarrekin egindako apustu gisa. Esperientzia berritzailea da Euskadin eta Estatuan, non bektore kulturala eta komunitarioa batzen diren, +55 biztanleriari zuzendutako proiektu bat garatzeko.
Azkenik, 2026ko apirilaren 20ko data erreserbatzera gonbidatu nahi zaituztegu. Silver Film Festival jaialdiaren hurrengo edizioaren inaugurazio-gala berriro egingo da Arriaga Antzokian.