07 Jun, 2021

Argazkiak: Bilboko Udala
Juan Mari Aburto alkateak eta Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluko 8 umek bilera egin dute gaur goizean Bilboko Udalean. Adingabeek eurek eskatuta egin da bilera, alkateari azaldu nahi izan baitiote ikasturtean zehar egin duten lana. Aurten, haiek aukeratutako gaia Bullying-a izan da. EDE Ezagutza arduratzen da programa hau kudeatzeaz.
Alkateaz gain, Isidro Elezgarai Euskal Autonomia Erkidegoko Unicef Batzordeko presidenteak eta Juan Ibarretxe, Iñigo Zubizarreta eta Kontxi Claver Gizarte Ekintzako zinegotziek eta zuzendariak hartu dute parte bileran.
Haurrek Bullying-aren aurkako manifestua irakurri dute, Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluko lan batzordeetan beraiek egina. Era berean, ikastetxeetan jazarpena errotik kentzeko proposamenak alkateari helarazi dizkiote. Horien artean, honako hauek nabarmendu dira: jardunbide egokien eskuliburu bat, gatazkak konpontzeko gune bat, biktimen testigantzak jasotzeko postontzi bat, laguntza-talde bat, ikasleen arteko bitartekaritza bultzatzea, parkeetan egin beharreko ekintzak, elkarte bat eratzea, gurasoekin hitzaldiak, sentsibilizazio-kanpaina bat edo sare sozialetan zabaltzeko bideo bat.
UMEEN ETA NERABEEN UDAL KONTSEILUA
Iragan eguenean, hilak 3, Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluaren zortzigarren osoko bilkura egin zen La Bolsa eraikinean, eta bertan parte hartu zuten kontseilua osatzen duten 45 adingabekoen ordezkari batzuek.
Kontseilu honen bidez, Bilboko Udalak sustatzen du Bilboko umeek eta nerabeek uria eraikitzen parte har dezaten. Ordezkariak urtean birritan biltzen dira Osoko Bilkuran, eta, gainera, lan-batzorde batean eta bestean parte hartzen dute. Era horretan, gazteek Udalaren jarduera ebaluatzen dute, eta uria hobetzeko interesgarriak eta beharrezkoak deritzen proiektuak aurkezten dituzte.
Uriak “Bilbo, umeen laguna” titulua lortu zuen 2018ko azaroan, UNICEFen eskutik. Zigilu horrekin, UNICEFek ezagutza agertzen dio Bilboko Udalak umeen eta nerabeen alde egiten duen lanari eta lan horren garrantzia azpimarratzen du.