23 Nov, 2023

EDE Ezagutzatik Berrizko Udalari lagundu diogu udalerriko zainketei buruzko diagnostiko bat egiten, zainketen ikuspegi zabal batetik (pertsonen behar fisiko, psikologiko eta emozionalei erantzutea; kontuan hartu edozein pertsona eta edozein unetan, eta pertsona guztiek zainketak behar dituztela une eta pertsona kalteberagoak egon arren; autozainketa txertatzea, eta baneratu denok dugula eskubidea, baina baita zaintzak jasotzeko eta emateko betebeharra ere).
Lan honen helburua UDAL MAILAN ZAINKETEN INGURUAN GOGOETA EGITEN HASTEA izan da, ZENTZU ZABALEAN, hausnarketan esparru eta rol desberdinetatik begirada eman dezaketen eragile ugari sartzen saiatuz. Gainera, lan honek berariaz bilatu du SENTSIBILIZATZEA, bai politikan, bai gizartean, batez ere zaintza-politikak eraldatzeko garrantziaren inguruan, berdintasuna bermatze aldera, proposamenak KOLEKTIBOKI ERAIKITZEko.
Agenda mediatikoan eta politika publikoen diseinuan gero eta indar handiagoa hartzen ari den gaietako bati erantzutera dator, batez ere kontziliazioarekin lotutako politikei dagokienez; izan ere, orain arte, zainketei buruzko hausnarketa eta azterketa gutxi egin dira eta, horrexegatik, gizarteak eta administrazio publikoek ez zuten askorik onartzen.
Zergatik eta zertarako horrelako diagnostiko bat?
- Zaintzak hartzen dituen gaiei buruz udal-mailan hausnartzen hasteko aukera bat da, baita horiek hortik bertatik nola babestu ere.
- Politika publikoen diseinuan bete gabeko premiei erantzutea du helburu, eta lan partekatu eta kolektibotik abiatuta orientabideak gehitzen ditu.
Zein da bere balioa?
Mota horretako lehen azterlanetako bat da, EAEn irismen zabala duena.
- Komunitate-ehunaren, sektore pribatuaren eta administrazioaren (hirugarren sektorea, mugimendu feminista, Udala eta Mankomunitatea) artean hausnarketa, topaketa eta sozializaziorako gune bat sortzen lagundu du.
- Baliabide edo zerbitzu jakin batzuetan genero-ikuspegia nola txertatzen den jakitea erraztu du.
- Horrelako lanek errekonozimendu politiko eta soziala adierazten dute, begirada zaintzan jartzeak duen garrantziari buruz. Eta, azken batean, zerbitzuak sortzera eta hobetzera, eragileen arteko koordinazioa hobetzera eta zaintzaileen eta zainduen bizi-baldintzak hobetzera bideratuta daude.
Nork hartu du parte?
Azterketa diagnostiko hori Berrizko Alkatetzak eta Berdintasun Zinegotzigoak sustatu dute, baina bertan udalerriko elkarte-sareko eragile ugarik, eremu formaleko eta informaleko (ordaindu gabeko) zaintzaileek eta zaintzan inplikatutako hainbat sistema publikok ere parte hartu dute: zerbitzu sozialen sistema, hezkuntza-sistema, osasun-sistema, berdintasun-arloak, hirigintza…
Nora doa? Zer orientabide jaso dira?
Lan honen esparruan egindako bidea lehen urratsa da zaintza-politika publikoak herri-mailan birpentsatzeko; izan ere, udalerriaren erantzukizuna ez bada ere, funtsezko esparrua da pertsonen beharretara egokitutako hurbiltasun-politika eskaintzeko eta desberdintasun sozialak sustatzen ez dituzten aldaketak sortzeko.
Zehazki, Azterketa Diagnostiko honetan jasotako orientabide nagusiak lehen hurbilketa baterantz bideratu dira, eredu publiko-komunitarioa eta hurbiltasunekoa lortzeko eta honako hauek diseinatzen laguntzeko:
- Ikuspegi sistemikoa duten zaintza-politika integralak
- Politika eta zerbitzu unibertsalak, egokituak eta kalitatezkoak, prebentiboak eta aringarriak
- Hurbiltasun-politikak, ikuspegi komunitario eta feministarekin
- Lan-baldintzen aintzatespena eta hobekuntza areagotzeko politikak
- Zainketen birbanaketa erraztuko duten esperientziak eta programak bultzatzera bideratutako politikak