Albisteak

EDE Fundazioa Eusko Jaurlaritzak abiatu duen Bikain euskararen kalitate ziurtagiriaren prozesuan murgildu da bigarren aldiz.Kalitate prozesu horren emaitzak jada iritsi dira eta Zilarrezko ziurtagiria eskuratu dugu, hau da, EDE Fundazioa erdiko mailan dago euskararen kalitateari eta garapen-mailari dagokionean. Euskara Batzordetik emaitza oso ona dela baloratzen dugu eta  pausu berriak ematera animatzen gaitu!

Aurten, 650-699ko puntuazioa lortu dugu, urre-ziurtagiria urratuz. 2008an aurkeztu ginen lehen aldiz Bikain ziurtagirira, eta lortutako puntuazioa 400-449 izan zen.

BIKAIN Eusko Jaurlaritzak emandako ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Eremu sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du. Izen ofiziala: Bikain – Euskararen Kalitate Ziurtagiria da.

Ziurtagiria eskuratu ahal izateko erakundeak ebaluazioa jaso eta gainditu behar du. Ebaluatzaileek Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) jasotako adierazleak aztertuko dituzte euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa ebaluatzeko. EMEk bi ardatz ditu, eta lehen mailako 6 elementu:

1. ARDATZA: ZERBITZU-HIZKUNTZA

  • 1. Erakundearen irudia
  • 2. Bezeroekiko (pertsona fisikoak) eta herritarrekiko harremanak

2. ARDATZA: LAN-HIZKUNTZA

  • 3. Barne-komunikazioa eta lan-tresnak
  • 4. Pertsonen kudeaketa
  • 5. Kanpo-harremanak
  • 6. Kudeaketa-sistema

Bikain sistemaren arabera 1000 puntu lor litezke gehienez ere, %100eko betetze-maila alegia. Hori horrela, hiru aitortza-maila edo ziurtagiri ezarri dira, kolore bana dutelarik:

  • Oinarrizko maila edo Bikain beltza 200 puntu gutxienez
  • Tarteko maila edo Bikain zilarra 400 puntu gutxienez
  • Goi maila edo Bikain urrea 700 puntu gutxienez

Ia-ia urrezko maila ukitu dugu (650-699 puntu lortu bait ditugu), azken urteotan aurrera pausu garrantzitsuak eman ditugulako  euskararen presentzia eta erabilerari dagokionean; Hizkuntza-politika, hizkuntza-irizpideak, euskalduntze eta trebakuntza ikastaroak, EUS, euskararen erabileraren neurketa proiektuetan, motibazio ekintzak…

Bikain-eko talde ebaluatzaile  honen iritziz, hauek dira EDE Fundazioak dituen hiru indargunerik garrantzitsuenak:

1. Ibilbide luzeko hizkuntza-politika sendoa, entitatearen egituran txertatua. 20 urtetik gorako euskararen normalizazioaren aldeko lanaren ondorioz, EDEk garrantzi gero eta handiagoa ematen dio euskarari, eta horren erabilera estrategikotzat dute gaur egun. Plan estrategiko orokorraren baitan dago sartuta hizkuntza-politika, arlo eta zerbitzu guztiak zeharkatuz, hizkuntza-irizpideen bidez.

2. Baliabide egokiak bidean aurrera egiteko. EDEk baliabide desberdinak jartzen ditu urtero euskararen normalizazio-prozesuan aurrera egiteko. Hala, euskara-arduraduna, Euskara Batzordea, hiru azpibatzorde eta itzulpen-zerbitzua ditu. Ahalegin berezia egiten du langileek euskara ikasi, hobetu eta erabili dezaten, eta hori sustatzeko neurriak bultzatzen ditu: euskara-eskolak lanean bertan, euskaltegira joateko erraztasunak, hizkuntza-ohiturak aldatzeko dinamikak (uler-saioak, EUSLE), trebakuntza-ikastaroak, eta abar.

3. Irudi gero eta euskaldunagoa, eta zerbitzu asko euskaraz

 

Bestetik, hauek izan daitezke erakundeari aurrera egiten gehien lagun diezaioketen hiru palankak, erakundearen beraren lehentasunak, errendimendua (eragin biderkatzailea) eta egingarritasuna aintzat hartuta:

  • Kontratazio- eta harrera-politika mantendu.
  • Barruko komunikazioan aurrerapausoak egin. Lan-bileretan erabilera bultzatzea, euskararen erabilera neurtzeko, kudeatzeko eta areagotzeko.
  • Ahalegin handiagoa egin prestakuntza orokorra euskaraz eskaintzeko

Oraindik bide luzea dugu aurretik baina talde ebaluatzaileak esan eta transmititu diguna gogoratuz “bide onetik” goaz. Egin Dezagun Euskaraz!