16 Jul, 2021

mugikorra_digitala_iunrri
Digitalizazioak hurbildu egiten gaitu, edo urrundu? Eta, zertatik? Zenbait gauzaren mende dago, besteak beste, berekin dakartzan eraldaketei aurre egiteko eta haiek ulertu ahal izateko duzun kulturaren mende. Beti aipatu izan da digitalizazioa gauza positibo gisa, eta gauza positibo asko ditu, baina post honetan beste ikuspegi bat ikusarazi nahi dizuegu: hain zuzen ere, Iberdrola Fundazioaren laguntzarekin hezkuntza-normaltasun berrian Inklusio digitala proiektua oinarri hartuta garatzen ari garena.

Ikuspegi horretatik digitalizaziora haren funtzionamenduaren ulermen kritikorik gabe gerturatzeak….

Ekar diezazkiguke:

  • Mendekotasunak sortzea
  • Adikzioak sortzea
  • Harreman toxikoak sortzea
  • Oraindik ulertzeko gai ez garen beste indarkeria, diskriminazio eta joera batzuen biktima izatea.

Eta ken diezazkiguke:

  • Sinpletasuna irudikatzen duen baina oso modu konplexuan funtzionatzen duen erosotasunaren kulturan benetan gauzek nola funtzionatzen duten ulertzea.
  • Jokabidea eta emozioak aztertuta, arretaren ekonomia deitzen zaion horretan, manipulazioko bestelako modu batzuk ulertzea.
  • Ezagutzen dugun munduan, muga eta lurraldeen eta guk bertan dugun rolaren inguruko aldaketak ulertzea.

Gai horiek oso konplexuak dira, baina pixkanaka sar gaitezke horietan, ezagutzen dugunetik arakatzen hasita, eta agian horrela lortuko dugu gure bizitzetan benetan eragin positiboa duen digitalizaziora gerturatzea.

Horrekin lotuta, ekainean, EDE Suspergintzatik esku-hartzea egin dugu Iñurri Zentroan Iberdrola Fundazioak lagunduta hezkuntza-normaltasun berrian Inklusio digitala programaren baitan.

 

Iñurri Zentroa Bidegintza gizarte-ekimeneko kooperatibaren proiektua da, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Sailarekin lankidetzan garatzen da, 0 eta 6 urte arteko adin txikikoak dituzten eta zaurgarritasun-egoeran, babesgabe egoteko arriskuan edo babesgabetzeko neurrizko arriskuan dauden eta Bilbon bizi diren familiei zuzenduta, bereziki auzo hauetakoei lehentasuna emanda: Zazpikaleak, Uribarri, Zurbaran, San Frantzisko-Abusu, Santutxu-Begoña eta Txurdinaga-Otxarkoaga.

 

 

Iñurri Zentroan egindako esku-hartze honek Olakueta Etxean eta Agharasen egindako lana jasotzen du,  digitalizazio-prozesuetara gerturatzeko dugun moduaren lanketa egoera zaurgarrienean dauden pertsonen errealitearekin batzen du; izan ere, Olakuetan eta Agharasen jabetu ginen familiek gehien erabiltzen duten tresnara, telefono adimentsuetara, egokitzea oso interesgarria izan daitekeela. Hau da, autodefentsa, autonomia eta aukera-bilaketaren kultura gara daiteke ingurune digitalean pertsona zaurgarrienek gehien erabiltzen dituzten tresnak erabilita?

Hasieran uko egiten genion; izan ere, gailu mugikor batek ez du ordenagailu batek bezala egiten eta eragiten uzten. Baina pertsona horiengan gailua digitalki beren burua proiektatzeko bitarteko gisa eta ez kontsumo-bitarteko soil gisa identifikatzean sentitzen zuten gogo bizia eta botere-sentimendua ikusita, lerro hori garatu eta hiru saioko ziklo bihurtu dugu, izenburu hau emanda: Kudeaketa digitaleko tresnen hastapenak mugikorrarekin.

Noraino irits daiteke telefono mugikor bat tresna gisa?

Ez da erraza interes ugari biltzen dituen eta eragiteko zaila den bitartekoa baita. Horregatik, hasteko, honako hauek bilduko dituen kultura garatu nahi dugu:

  • Autodefentsa digitala. Telefono mugikorraren segurtasun eta pribatutasunarekin lotutako alderdiak ulertzea eta garatzea ahalbidetzen du.
  • Autonomia digitala. Kudeaketarako prozesuak eta tresnak ezagutzea eta martxan jartzea ahalbidetzen du, hirugarren batzuen mende egon gabe (oso garrantzitsua da indarkeriaren biktimekin garatzeko).
  • Zeharkako gaitasunak. Problemak konpontzeko gaitasuna eta adimen emozionala, besteak beste. Funtsezkoak dira mundu lurrunkor, ziurgabe, konplexu eta anbiguo honetan.

Ziklo honekin, eta Iñurriren moduko espazioetan, oso interesgarria iruditzen zaigu gailu berriak sartu aurretik kudeaketa digitalaren kultura garatzeko gai ote garen ikustea, hala, zaurgarrienen artean ohikoena den gailua, telefono mugikorra, modu autonomoan, seguruan, pribatutasunarekiko errespetuz eta inklusio digitalerantz norberaren proiekzioa egin nahian erabiltzeko aukera izan dezagun.