07 Feb, 2019

Bakeola Bizikidetza, Gatazka eta Giza Eskubideak elkarteak hamar urte baino gehiago daramatza orain gutxiko memoriaren eremuan proiektu ugari eginez, zehazki, Euskadin indarkeria politikoaren eta terrorismoaren eraginez sortutako ondorio guztiei buruzkoak. Arreta gehien eskatzen duen ondorioetako bat da biktimen aitortza eta erreparazioa. Haiekin eta arlo horretan adituak diren pertsona ugarirekin, Bakeola-EDE Fundazioak azaroaren 9an Bilboko Burtsa eraikinean Giza Liburutegia antolatu zuen. Espazio horretan bizi-istorioak zituzten gizon-emakumeak “kontsultatu eta irakurri” ahal izan ziren. Denek zuten zerbait komunean: terrorismoaren eta indarkeria politikoaren ondorioak lehen pertsonan bizi izana.

‘Giza Liburutegiak’ ohiko egoeretan, sekula gurutzatuko ez liratekeelako edo gai jakin batzuez hitz egiten ausartuko ez liratekeelako, elkarrekin hitz egingo ez luketen pertsonen arteko topaketa eta elkarrizketarako lekuak, espazioak dira; horregatik behar dute entzute aktiboa eta errespetua bermatuko dien espazio seguru eta intimoa. Beraz, ekimen horren helburua da, liburutegi baten antzera, ikusmoldeak zabaltzea, aurreiritziak desegitea, ezagutzak eskaintzea, iruditeriak eraldatzea eta, ondorioz, kohesio soziala sustatzea.

Ekimen honekin honako helburu hauek lortu nahi izan dira:

  • Giza eskubideen urraketen biktimak ulertzea eta haiei babesa ematea ahalbidetzen digun funtsezko balio gisa enpatiaren alde egitea.
  • Terrorismoaren biktimekiko elkarrizketa, tolerantzia eta ulermena sustatzea.
  • Baldintza normalizatuetan elkartuko ez liratekeen pertsonen artean elkarrizketa sustatzea.

Kasu honetan, eta Memoriaren Eguna ospatzen zela eta, Giza Liburutegiak hamabi “giza liburu” izan zituen. Arrazoi politikoa zuen indarkeria eta terrorismoaren ondorioak lehen pertsonan bizi izana zuten guztiek komunean. Hamabi bizi-istorio oso desberdinak, baina denak ezinbestekoak eta osagarriak, ETAren biktimak, GALenak, gehiegikeria politikoenak, bortxa politikoenak, mehatxu eta estortsioenak… guztiek parte hartu nahi dutenekin partekatuko dute haien gauzarik baliotsuena: izandako bizipenak eta egin behar izan duten ibilbide emozionala. Horretarako, topaketa “irakurketa-txanda” ugaritan antolatu zen, hau da, “giza liburu” bakoitzeko pertsona bateko edo biko elkarrizketa intimoak izan ziren.

Informazio gehiago:

https://www.youtube.com/watch?v=aRhrtsJ5aD0&feature=youtu.be