02 Oct, 2023

Berdinsarea__4_
Emakundek eta Eudelek bultzatutako Berdintasunaren aldeko eta Indarkeria Matxistaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea, Berdinsarea, lagunduko dugu datozen bi urteetan. Berdinsarearen helburua da arlo horretako programak eta jarduerak bultzatzea toki-eremuan, esperientzien trukea erraztea, koordinazioa, lankidetza-hitzarmenak sustatzea, berdintasun-politikak aztertzea eta hausnartzea, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako gaietan udal-jardunbide egokiak identifikatzea eta zabaltzea, eta udalerriei laguntza teknikoa ematea. Horrela, tokiko gobernuek arlo horretan ematen duten erantzunaren eraginkortasuna hobetu nahi da, bai eta horien eta beste erakunde batzuen arteko loturak ere.

Sareko laguntza tekniko gisa lan egiten dugu, eta horrek aukera ematen digu Sarea osatzen duten udalerri guztiekin harreman zuzena izateko, berdintasun-teknikarien kezkak eta problematikak ezagutzeko eta horiei erantzuteko, eta berdintasunaren eta indarkeriaren esparruan gaurkotasuna duten gaiak lantzeko.

EAEn 252 udalerri daude guztira, eta 88 dira Berdinsarean parte hartzen dutenak (EAEko udalerrien % 35).

Sare hori erreferente bat da tokiko berdintasun-politikak lantzeko, bai eta topagune bat ere berdintasun-teknikarientzat eta tokiko politikarientzat. Udaleko teknikarien eta politikarien parte-hartzearekin funtzionatzen du, bai eta hainbat lan-batzorderen bidez ere, beren interes eta beharren arabera.

EDE Fundazioan, batez ere, sarea kolektiboki eraikitzen lagundu dugu. Egungoei gai garrantzitsuenei buruzko ezagutzak eskuratzea izan dugu helburu, lan partekatua eta koordinazioa sustatuz berdintasun-politikak bultzatzeko. Hori guztia toki-eremuan berdintasuna sustatzeko sare eraginkor bat garatzeko helburuarekin.

Gainera, proiektu horren barruan, 2023an, Berdinsarearen ibilbidearen ebaluazioa egin da (2005-2023), sarearen aurrerapenak eta bidean izandako lorpenak ezagutzeko eta etorkizun hurbilean landu daitezkeen hobekuntzak eta erronkak identifikatzeko. Ebaluazioa hausnarketa prozesu partehartzaile gisa ulertzen dugu, non, aldez aurretik ezarritako irizpide batzuetatik eta tresna zorrotzetatik abiatuta, eragileek ikaskuntzak bilatzen dituzten eta beren jarduna hobetzeko eta eragina handitzeko erabakiak hartzen dituzten. Horrek guztiak Berdinsarearen kudeaketa hobetzen laguntzen du, etengabeko hobekuntzarako ikaskuntza eta erabakiak hartzea kontuan hartuta.

Ebaluazio horren arabera, Berdinsarearen balioa hiru ardatzetan oinarritzen da:

  • PRINTZIPIOAK DITUEN SAREA: Ikuspegi integrala, konpromiso irmoa, emakumeen sustapena eta autonomia bultzatzen dituen sarea, esperientzia komunekin, topaketan eta esperientzietan oinarritua, udalerrietan berdintasuna erreferentzia gisa jartzen duena eta laguntzeko eta elkarrekin eraikitzeko espazio bat eskaintzen duena.
  • SARE ERREFERENTEA ETA AHOTS PROPIODUNA: Udalerri eta teknikarientzako erreferentea, hainbat gaitan begirada partekatua bermatzen duena, udalaren lana modu bateratuan indartzen duena, nortasun propioarekin.
  • SARE ESPEZIALIZATU BAT, ARGITALPENAK ETA MATERIAL PROPIOA DITUENA: Hainbat gaitan espezializatua, batzorde teknikoei esker, tresna eta material interesgarriak sortu dituena, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren esparruko hainbat argitalpen eta erreferentziarekin, teknika espezializatuekin, begirada integrala bultzatzen duena, etab.

Orain, ebaluazioak eman dituen ondorio eta hobekuntza-proposamen horiekin, erabakiak hartzeko garaia da. Horregatik, Sarea laguntzen ari gara bere lehen estrategia prestatzen.

Berdinsarearen estrategia hori bat etorriko da EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako 2030 Estrategiarekin, eta ahaleginak egingo ditu datozen urteetan Sareak berdintasun-politiken arloan izango duen jarduna bideratzeko eta bere ekintzen eraginkortasuna eta egokitasuna handitzeko.