17 Sep, 2021

Olakueta Etxea taldea
Euskadin migratzaileen behin-behineko harrera-zentroak, Berrizeko Olakueta Etxeak, sortu zenetik hiru urte bete ditu. Hori dela eta, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailburuak zentrora bisita egin du eta aurrez aurre ikusi ahal izan du Olakueta Etxean egiten den jarduera.

Olakueta Etxea bizitegi eta laguntza emateko baliabidea da. Gaur egun, batez ere, Euskadin, gizarte-zaurgarritasun egoeran eta babesgabe dauden eta adingabekoak dituzten emakume eta familia migratzaileei eskaintzen die arreta.

2018ko udan sortu zen iraganbidean dauden pertsona migratzaileen aldi baterako beharrei premiazko erantzuna emateko, eri dauden pertsonetan, bakarrik dauden emakumeetan eta adingabekoak kargura dituzten emakumeetan espezializatuta. Ia-ia hasieratik, iraganbidean dauden pertsonen profil hori eta eskaera ebatzi bitartean nazioarteko babesa eskatzen zuten pertsonen profila konbinatu ziren; 2020an, beste migrazio-errealitate batzuei eman zaie erantzuna gizarte-erakunde eta udalerri batzuekin elkarlanean.

2018ko irailean zabaldu zutenetik  200 pertsonak baino gehiagok erabili dute EDE Suspergintza eta Suspertu SL erakundeek koordinatutako eta kudeatutako baliabidea.

 

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Zentroa bisitatu du, eta bertan, aurrez aurre ezagutu ahal izan du jarduera. Prentsari egindako esku hartzean, babes eta esker oneko hitzak izan ditu EDE Fundazioko langileentzat eta boluntarioentzat, eta Olakueta Etxea moduko zentroen garrantzia nabarmendu du; izan ere, “bakarrik bidaiatzen duten emakume askorentzako babesgunea da; seme-alabekin bidaiatzen duten emakume askorentzako eta familia ugaria diren guraso askorentzako estalpea.

Bestalde, Jose Puyo EDE Fundazioaren zuzendariak honako hau adierazi du: “Berrizeko aldi baterako harrera-zentroan egiten dugun harrera- eta laguntza-zentroa errespetuan oinarritzen da eta pertsona guztien duintasuna, beharrak artatzea (baita emozionalak ere) eta beren autonomia eta azken erabakia hartzea ditu ardatz”.

Puyo Olakueta Etxeako koordinatzailearekin, Gorka Ruizekin, batera agertu da eta honako hau nabarmendu du: “instalazioaren euskarri-zerbitzuak Suspertuk egin ditu, gure gizarteratze-enpresak; horrela, ikaskuntza profesionaleko prozesuak sortzen ditugu, eta gizartean eta lan munduan txertatzea sustatzen diegu lan merkatutik kanpo dauden pertsonei”.

Egun, Olakueta Etxean, 22 pertsonari ematen zaie arreta; horien artean, 9k babeslekua eskatu dute eta beste 12 zaurgarritasun maila altuko egoeran daude.

5 gizonezko, 7 emakumezko eta 10 adingabeko daude guztira.

Olakueta Etxea hedabidetan

TVE

Deia

El Correo

Irekia

Argazkiak: