19 Jul, 2024

tratuon_erasmus
Europa mailako sare-lanaren alde eginez eta egiten ari garen Haurren Babesa eta Tratu Ona lanari beste ikuspegi bat eman diezaioketen beste errealitate batzuekin lotuta, “Tratu ON: Babesa eta tratu ona hezkuntza ez-formalean” izeneko Europako proiektu bati ekin genion.

Proiektua, Erasmus + programaren barruan, Kiribil Sareak gidatu du, eta Italiako Cooperativa Sociale E.D.I Onlus eta Zipreko Frederick University entitateekin batera parte hartu genuen.

Proiektuak funtsezko bi ekintza izan zituen: lehenengo ekintza, maiatzaren 8tik 11ra Bilbon egin zen nazioarteko mintegi bat, non Euskadiko, Zipreko eta Italiako gazteekin lan egiten duten eragileek parte hartu genuen.

Europako lankideak hartu genituen astebetez Bilbon, eta kontzeptualizazioari, legediari, babes-figurei, erronkei, zailtasunei eta abarri buruz lan egin genuen. Eta gure inguruan egiten ditugun praktika on batzuk erakutsi genizkien.

Gainera, maiatzaren 10ean Bilborocken -Bilbo- jardunaldi ireki bat antolatu genuen, “TRATU ON Sareak eginez: Haurrenganako tratu onean aurrera egiteko gakoak” izenburupean. Bertan, gizarte eta hezkuntza arloko erakundeak, administrazio publikoa, hezkuntza formala, tratu ona lantzen duten profesionalak, gizarte zerbitzuak…izan ziren.

Mahai-inguru parte-hartzaile bat dinamizatu genuen, eta, bertan, hainbat eragilek hitz egin zuten hezkuntza-aisialdiaren zeregin garrantzitsuari buruz eta eremu bakoitzean haurren babesa lantzeko dauden zailtasun, behar eta erronkei buruz.

Bigarren ekintza nagusia Italiara egindako ikasketa-bisita bat izan zen, zehazki Napolira. Han, Cooperativa Sociale E.D.I Onlus entitateko gure lankideek Tratu Onaren eta babesaren ikuspegitik haurrekin lan egiten duten hainbat proiektu eta ekimen bisitatzeko programa bat prestatu ziguten.

Programa eta zerbitzu interesgarriak ezagutzeaz gain, lanerako eta hausnarketarako guneak ere izan genituen. Bilbotik joan ginen 8 pertsonok, Chipeko Unibertsitateko 8ekin eta EDI onlusek Italian dituen egoitzetako 8 pertsonekin batera elkartu ginen eta oso aberasgarria izan zen.

Proiektu honetako esperientzia oso positiboa izan da. Hori dela eta, gure bazkideekin proiektuaren bigarren fase bat egitea pentsatu dugu,  bai eta haurrak babesteko politikak hezkuntza formaleko eta ez-formaleko espazioetan ontzen lagunduko duen gida bat egitea ere.

Eta ezagutzak eta esperientziak osatu ahal izateko, Europako Iparraldeko laugarren bazkide bat bilatzen ari gara, berriro ere beste ikuspegi bat emango diguna.