Albisteak
Bera bezalako ekitaldia izan zen, xumea, hurbila, zuzena eta umoretsua. Josek plantillarekin eta hamarkada hauetan zehar EDE gizarte-erakundearen buru gisa ibili diren eta lagundu dioten lagun guztiekin berriro topo egin ahal izan zuen.

Arimaktore Teatrok gidatu eta dinamizatutako ekitaldian, EDEren historiako pertsona esanguratsuek hartu zuten parte. Jose Alberto Vicentek (“denok gaur hemen egotearen erruduna”, Joseren hitzetan), Naiara San Martinekin batera, gogorarazi zigun 70eko hamarkadan hasi zela Astialdiko Eskola,  gaur egungo EDEren hazia, eta boluntariotzak gure erakundearen izaeran izan duen garrantzia, Josek urte hauetan sustatu duena.

Javi Vitoriak eta Jon Mancisidorrek, Patronatu Batzordeko lehengo eta egungo presidenteak, Josek 32 urte hauetan izan duen konpromisoa eta lidergo-gaitasuna nabarmendu zuten, “Hirugarren Sektorean eta herri honetako gizarte-politiketan erreferente den EDE bezalako erakunde batean“.

Aida Ortegak eta Miriam Santorcuatok ere parte hartu zuten ekitaldian, Ostargi ordezkatuz. «Opari bat eta ondare bat utzi dizkiguzu, eta elkarrekin eraikitzen jarraitzeko ardura handia, proiektu hau sortzeko erabili ziren balioak eta misioa bistatik galdu gabe. Geuk lanean segituko dugu.”

Pantailatik Bego Viteri, Estebi Rivas, Fernando Fantova, Eukene de Miguel, Rafa Ruiz de Gauna eta Garazi eta Naroa, Joseren alabak ere agertu ziren, Joseren profila nabarmentzeko eta berarekin bizitako pasadizoak gogoratzeko.

Jaime Garcíak, EDEko zuzendariak, Joseren eta ekitaldi honekin estreinatu genuen EDE eraikin berriaren arteko paralelismoa kontatu zigun. “Biak aldaketara irekiak eta testuingurura egokituak. Eraikina, izan zenarekiko aldaketa integral baten bidez. Jose, ekimen eta antolaketa-sistema berrien etengabeko sustatzailea“.

Ekitaldiaren amaieran, Josek hitza hartu zuen, eta EDEn bizi izandakoa eta bere ondoan egon diren pertsonak eta taldeak gogoratu zituen. Esker onez, azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela gobernantza instituzionaleko esparru indartsu bat izatea, eta, horrekin batera, antolaketa-egitura orekatu, koherente eta malgua izatea, gizarte hobe eta gizatiarrago baten aldeko lana egin ahal izateko. Amaitzeko, etorkizunerako gomendio batzuk eman zituen: aldaketari beldurrik ez izatea, gizarte- eta erakunde-lankidetzako harremanei leialtasunetik eustea. “Ez dezagun galdu garapen komunitarioaren arrastoa, ekosistema soziala elikatzen duen benetako humusa. Eta gogora dezagun inguratzen gaituen giza sufrimenduko ezer ezin zaigula arrotza egin”.

Amaitzeko, denon artean bertso bat eta Txoria txori kanta hunkigarria abestu genituen, Joseren alde gure edalontziak altxatzen genituen bitartean.

Zu izan zara gure ardatza

egonez bat ahulenekin.

Mundu hau hobetzea lortu dozu

zure maitasunarekin

 

EDE zuretzat etxe izango da

zatoz beti lagunekin.

Mila esker bihotz-bihotzez Jose,

jarraitu zure ametsekin

 

Eskerrik asko Jose, beti prest!