Albisteak
Iaz, data hauetan, pandemiaren erdi-erdian geundela, zentzu guztietan bikaina izan zen urtea erakusten zuen 2019ko memoria aurkeztu genizuen. Oraingoan, zorigaiztoko 2020 urteari dagokion memoria dakargu eta, paradoxa dirudien arren, lasaitasuna eta harrotasuna dira barruan ditudan sentimenduak.

Zalantzarik gabe, emaitza ekonomikoak eta bertan ikus daitezkeen 2020ko Memorian lan arloko ondorioak negatiboak dira. Baina, edukiak errepasatzen badituzue, agerian geratuko da itxuraz azpian hartu behar gintuen egoerari aurre egiteko gai izan garela, sinesgaitza den energia, sormen eta konpromiso mailarekin.

Ezer ez da geldirik egon; esparru guztietan garatu ditugu berriro egokitutako ekimen berritzaile eta alternatiboak. Modu estrategikoan gure lana berriro pentsatzeko, erakunde gisa sendotzeko eta zentzu eta etorkizun handiko aukera ilusionagarri mordoa sortzeko gai izan gara.

Oso ondo islatu du Jon Mancisidorrek, fundazioko presidenteak, memoriaren sarreran. “Erresilientzia” izena eman dio sarrera horri eta irakurtzera gonbidatu nahi zaituztet.

Horren guztiaren ondorioz, prozesuak bizkortu eta berrikuntza eta hobekuntza lortu ditugu eta horiek guztiak hasi dira dagoeneko emaitzak izaten. Gainera, berandu baino lehen, horiek guztiak misioari eta eraginari dagokienez jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa ematera bultzatuko gaituzte.

Proiektuan inplikatutako pertsona guztien lan handiari, ilusioari eta konpromisoari eta, eraldaketa sozialaren bidaia honetan, urrunetik edo gertutik alboan izaten zaituztegun erakunde eta elkarteen laguntzari esker lortu dugu “mirari” hori.

Eta, horrekin batera, pandemiaren zatirik gogorrena jasan duten pertsonei aipamen berezia egin nahiko nieke: gaixotasun larria eta maite dituztenen heriotza kasu batzuetan, eta ABEEE egoerak eta lanpostuen galerak, beste batzuetan, jasan dituztenei.

Beste behin, haiekin guztiekin dugun lehentasunezko konpromisoa azpimarratu nahiko genuke.