23 Nov, 2021

Bakeola_6_
2021eko urria eta azaroa ekintzez beterik etorri dira: efemerideak eta egun seinalatuak. Gaur gauden egoerara iristeko, eragile askok lan handia egin behar izan dute (dugu) eta aurrera begira ere, badugu erronka ugari! 2021, urria eta azaroan ekimenez beterik etorri da. Eta Bakeola-EDE Fundazioak parte hartu du hainbat ekimenetan.

Azken hilabeteetan Barkamenaren inguruan lanketa burutzen ari gara Escuelas de Perdón y Reconciliación (ESPERE) eta Gipuzkoako Elizbarrutiko kideekin. Saio ezberdinetan barkamenaren inguruko elementuen inguruan hausnartu, izandako ibilbideak ezagutu, eta elkarrekin ideiak partekatzen aritu gara. Ibilbide honekin jarraitzeko asmoa dugu gaiaren garrantziarengatik eta sortu diren sare eta lantalde berriei esker.

Urriak 14tik-17ra, “Aietek 10 urte. Irakaspenak eta Erronkak” Nazioarteko Jardunaldiak antolatu dituzte. Izan ere duela 10 urte burutu zen “Aieteko Bake Konferentzia” izenez ezagutu zena eta bertan, Nazioarteko ikuskariek bide orri bat proposatu zuten. Adostasun horren atzean, erakunde publiko eta eragile sozial askoren arteko lan isila egon zen. Aurten  bidean ikasitakoak balioan jartzeko erabili da. Orduan bezala, Bakeola-EDE Fundazioak beste eragile sozialekin batera parte hartu du.

Azaroak 10 Memoria Eguna dela eta hainbat ekintzetan parte hartu du EDE Fundazioak Bakeolaren eskutik. Izan ere, egun horretan indarkeria politiko eta terrorismoko biktima guztiak aintzat hartzen dira (ETA, GAL, CCA, Triple A, BVE-ek eta beste erakundeek egindakoak, baita Estatuaren Segurtasun Indarrek eragindako indarkeria ere) eta hori gogoratzeko ekimen ezberdinetan aritu gara buru belarri.

Azken urteetan, hainbat herrietan, udalen baitan dauden alderdi guztietako ordezkariekin Giza Eskubide eta Bizikidetza Batzordeak deitutako lan taldeak osatu dira, indarkeriaren ondorioetatik ikasketak atera eta errespetuan oinarrituriko bizikidetza espazioak sustatzeko. Hainbat ekimen burutzen dituzte baita azaroak 10aren inguruan ere: Adierazpen Instituzionalak, elkarretaratzeak, eta herritarrei bideraturiko ekimen ezberdinak, besteak beste. EDE Fundazioak sei udalekin dihardu lanean.

Orion adibidez, egitasmo berean bi saio antolatu ditugu, memoria egiteko bi begirada azaleratuz: Aranzadi Zientzi Institutuko Javier Bucesek hitzaldia eman zuen herrian burutzen ari den ikerketaren berri emateko: “Orio: GGEE urraketak 1936tik gaur egun arte” eta aste bete beranduago, kulturaren ekarpenari garrantzia emanez, bi sortzaileen sorkuntzetatik abiatuta, memoriaren inguruan hausnartu dugu: Irati Goikoetxea “Herriak ez du barkatuko” eleberriaren sortzailea eta M.A.Llamas “Pitu”, “Non dago Mikel?” dokumentalaren zuzendarikidearen ekarpenari esker.

Mugen Gainetik GKEk eskatuta, elkarlanean, “Memoria eraikitzen duten emakumeak: hainbat esperientzia” Giza Liburutegia ekimena antolatu dugu. Erronka polita izan da 3 egunetako ekintza izan baita eta Donostiako Psikologia sailaren eraikuntzan burutu da azaroak 9, 10 eta 11ean.

12 liburu ezberdin entzuteko aukera izan ditugu. Guztiek indarkeriaren ondorioekin lotura dute: zuzeneko 4 biktima, 2 ikerlari, kultur ikuspegitik 2 bake ekintzaile, eta herritar foro nahiz erakunde publikoekin lanean dauden beste 4 eragile. Gainera protagonistek herrialde ezberdinetako errealitatea gerturatu digute. Parte hartu duten Liburuak ezagutu nahi badituzu sakatu hemen. Aukera paregabea izan da bizipenak zuzenean entzun eta elkarrizketa hunkigarriak izateko!

Azaroak 10ean ere, Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Memoria egunean ere parte hartu dugu. Egun horretan bakearen eraikuntza lanean ibili diren pertsona eta elkarteei aitortza egin zaie. Bertan ikusi dugu “Bake mugimenduak Euskadin” dokumentalaren zati bat .

Eta emandako pausuak ikusita argi geratzen da merezitako aitortza izan dela. Izan ere, herritar talde txiki eta gutxi batzuk hasieran ausardiarekin indarkeria gaitzesten hasi ziren (hasieran maila pertsonalean, parroki batzuetatik, ikastetxe-unibertsitate ingurutik; eta gerora, gizarte plataforma ezberdinetatik), poliki poliki herritar gehiagok eman izan du pausua Bakearen aldarrikapenean eta indarkeriaren kontra.

Jakin badakigu EDE Fundazioaren baitan, pertsona zehatz batzuk bide horretan aintzindariak izan zinetela. Eskerrik asko bidea egiten hasteagatik.

Hurrengo hilabeteetan ere, hamaika pausu ematen jarraitu beharko dugula argi dugu. Horregatik Azaroak 30rako Afaloste ekimena antolatzen ari gara Donostian. Eskubidez, Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Erakunde-Foroak sustatzen du eta Gernika Gogoratuzekin batera, Iñigo Retolazaren dinamizazioarekin antolatzen da Laborategi gastronomiko-soziala hau. Bertan, sukaldatzeaz gain, bertan parte hartzen duten herritarrok, memoriaz, belaunaldien arteko trasmisioaz, elkarbizitzaz eta aniztasunaz mintzatzeko aukera izango dugu.

Urtea amaitu aurretik beste  Afaloste bat bultzatuko dugu. Anima zaitez parte hartzera! Informatu eta agian, izena eman nahi baduzu sakatu hemen.