18 Jan, 2022

haritu_exclusion_digital_
2021ean zehar, inklusio digitalaren proiektua garatu dugu hezkuntzako normaltasun berriaren baitan. Espainiako Iberdrola Fundazioak babestu zuen proiektua, eta Bizkaian zaurgarritasun-egoeran dauden familiei zein pandemian zehar hezkuntza-sistemaren beharrei erantzuteko zailtasunak zituzten familiei zuzenean laguntzen dieten eragileentzako baliabidea izateko asmoz sortu zen. Horregatik hurbildu gara eragileengana proiektua garatzeko, haiek baitira lan egiten duten komunitateen errealitatea eta beharrak ondoen ezagutzen dituztenak.

Esku-hartze zuzena egiten duten eragileez ari gara, hala nola Olakueta Etxea, Agharas, Iñurri Zentroa eta lurraldeko hainbat EISE (Esku-hartze Sozioedukatiboko Taldea), esaterako, Errekalde-Peñaskaleko EISE, San Frantzisko-La Peñako EISE eta Txorierriko EISE.

Laburbilduz, prozesuan zehar eragileek helarazi ziguten hezkuntzako normaltasun berrian dauden arazoak premiazko beste arlo batzuetan ere aurkitu dituztela, hala nola laguntza-prozesuetan, prozesu legaletan, osasun-prozesuetan… Lehen lehenengo arreta aurrez aurre jasotzeko aukera zuten prozesuak digitalki egiten dira egun, esterako, aurretiko hitzordua, ziurtagiri digitalak, inprimakiak… Pandemian aurrez aurreko jarduerak murrizteko beharra dela eta egin dituzte aldaketok, kutsatzeak saihestu ahal izateko. Hasiera batean, prozesu horiek ez dira zailak, baina ekar ditzaketen arazoak normaltasun berrian hezkuntza-sistemako beharrei erantzuteko pertsonek dituzten arazoen antzekoak dira. Eta ikuspegi orokorragoa behar dute, alfabetatze digital kritikoaren ideiatik hurbilago dagoena.

Azterketa esperientzian oinarrituta egin dugu, eta 52 pertsonen kezka eta arazoak jaso eta behatu ditugu (% 45 magrebtarrak, % 39 Saharaz hegoaldekoak, % 21 hegoamerikarrak eta % 21 bertakoak), aurretik aipatu ditugun eragileen egoitzetan eginiko tailerren bitartez, eta modulu hauek izan dira: familientzako laborategia, autodefentsa digitala eta kudeaketa digitala.

Zuzeneko esku-hartzearekin hobeto ulertu dugu bazterkeria edo arrakala digitala oso ehuneko altuetan ematen dela kolektibo horietan eta ondorengo aldagaiekin dago lotuta. Aldagai horiek maila eta konbinaketa desberdinetan eman daitezke:

  • Hizkuntzari lotutako aldagaiak // Aldagai baztertzailea da eta konponbide motela du argi eta garbi. HHEek (Helduen Heziketarako Eskolak) alfabetatze lan handia egiten dute.
  • Egun bizi diren sistemaren ezagutza faltarekin lotuta dauden aldagaiak: administrazioko mailak, bakoitzak dituen sailak, bakoitzaren eskumenak eta bakoitzaren eskaerei nola erantzun.
  • Kultura matxistarekin zerikusia duten aldagaiak: parte-hartzaile asko kultura horretan bizi dira. Ondorioz, emakume askok ez dute hizkuntza ikasten eta haien gailuak eremu digitalean egiten dituzten mugimenduak kontrolatzen dituzte uneoro. Horrek eragina du hezkuntzarekin, osasunarekin, legearekin eta abarrekin duten harremanean.
  • Egoera emozionalekin eta arretaren ekonomiaren azpian dagoenari buruzko ezjakintasunarekin lotutako aldagaiak, eta baita gailuak mendekotasuna eta pribatutasunarekiko esposizioa saihesteko erabiltzeko helburuarekin lotuta daudenak ere, bai gurasoen bai haurren aldetik.
  • Tresna digitalen inguruko ezagutza faltarekin lotutako aldagaiak. Horiek lagungarriak izan litezke autonomia gehiago eta haien etorkizun digitalaren gaineko kontrola izateko.
  • Aurrez aurreko arreta bertan behera gelditu izanarekin, eta kudeaketa digitalaren kultura garatzeko eta eten horri aurre egiteko autonomia lortzeko beharrarekin lotutako aldagaiak.
  • Azkenik, ikusi dugu pertsona batzuk ez daudela sistema batzuetako datu-baseetan eta ezin dituztela behar bezala artatu, lehengo iragazki digital hori dela eta. Horrek badu konponbidea, baina azken urteotan eragile soziohezitzaleen lanari esker lortu izan da.

Aldagai horiek guztiek hainbat arazo paralelo sortu dituzte:

  • Eragile soziohezitzaileek denbora asko eman behar izaten dute pertsona horientzako kudeaketa digitalak egiten.
  • Pertsona horiei laguntzeko negozio berriak ari dira sortzen, eta arriskuan jartzen dute haien segurtasuna eta pribatutasun digitala. Esaterako, COVID-19 pasaportea lortzeagatik ordaintzea, posta elektronikoko pasahitza berreskuratzeagatik ordaintzea… Horrek identitatea ordezteko orduan eta beste hainbat kontutan arriskuak izaten ditu.

2021 urtea, zalantzarik gabe, ikasketa handiko urtea izan da eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu Espainiako Iberdrola Fundazioari bere laguntzagatik, baita eragileei ere, ulertzeko eta egiteko eman diguten aukerarengatik.

2022an, sarea sortzen, ikasten eta egiten jarraituko dugu, baina, oraingoan, arreta emakumeei eskainiko diegu, baina baita autonomia eta enplegua lortzeko kudeaketa digitalarekin lotutako ibilbideak garatzeari ere.

 

Sarrera hau irakurri baduzu, eta etapa berri hau gurekin batera egin nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan helbide honen bitartez: dfranco@edefundazioa.org.