21 Nov, 2022

.

Yayo Herrero, Antropologia Sozialean eta Kulturalean Lizentziatua, Nekazaritzako Ingeniari Teknikoa, Gizarte Hezkuntzan diplomatua eta Hezkuntza Zientzietan doktorea. Ecologistas en Acción erakundeko estatuko koordinatzailea izan da eta Giza Eskubideen eta ekologia sozialaren aldeko hainbat gizarte-ekimenetan hartu du parte.

EDEtik gure jarduerarako gakoak diren gaien inguruan hitz egiteko eta ikasteko espazioa da, esaterako jasangarritasunaren inguruan, eta EDE Fundazioak Yayo Herrero bertan izateko zortea izan du. Diskurtsoaren indarraz eta egiazkotasunaz gain, bizitza jasangarriagoa izateko aldaketa-ekintzak abian jartzeko duen izaera atzeraezina erantsi behar zaio.

Jasangarritasuna elementu nagusia da EDE Fundazioan. 2030eko Agendan Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) hedatzeko eta defendatzeko dugun konpromisoa eta berriki New European Bauhauseko (NEB) bazkide egin izana dira horren adibide. Horregatik sustatu dugu gure Ingurumen Batzordetik (IZADI) EDEtik programazio hau, jasangarritasunaren arloan erreferentziazkoa den pertsonetako batekin, Yayo Herrerorekin. Berarekin egon ziren Pepa Moleón EDE Fundazioa Patronatuko kidea eta Luz Casanova Fundazioko presidentea, eta Miriam Santorcuato EDE Fundazioaren OSTARGI elkarte sustatzaileko kidea.

Yayo Herrerok hasieratik markatzen du bere diskurtsoko mezu nagusia: jasangarritasuna, edo bizitza jartzen du erdigunean, edo kontzeptu hutsa, mugatua eta are mediatikoa baino ez da. Yayo Herreroren diskurtsoaren indarra da bizitzaren beraren ikuspegi orokorra dela ezeren gainetik, bai dimentsio materialari, bai sozialari dagokionez. Hizlariaren prestakuntza antropologikoak eta teknikoak bat egiten dute jasangarritasunaren askotariko aurpegiak (eta ertzak) orokorrean ulertzeko gai den diskurtso horretan.

Hala, Yayo Herreroren diskurtsoa sendo eraikita dago, eta zorroztasuna eta pasioa uztartzen ditu; lurraren eta gorputzen materialtasunaren mugak gainditzeak dituen ondorioak azaltzen ditu, bizitzaren aurkako egiazko gerra baitira, edo hobe esanda, gizakion bizitzak planetan duen lekua azaltzen du, kliman duen eraginarengatik eta baliabide naturalen erauzketa eta ustiapen intentsiboarengatik.

Hala ere, Yayo Herreroren asmoa ez da bizitzaren materialtasunaren eta jasangarritasunaren gaineko tratatu filosofikoa planteatzea, guztiz kontrakoa baizik: argi adierazten du planteamendu hori etikoa dela, jasangarritasunaz hitz egitea justizia sozialaz, parekidetasunaz eta giza eskubideez hitz egitea delako oroz gain, ikuspegi ekofeministatik. Eta, ondorioz, planteamendu politikoa ere bada, jasangarritasun hori lortzeko mobilizazio soziala eta kolektiboa beharrezkoak direlako ezinbestean.

Ekintza politiko hori da (terminoaren zentzurik oinarrizkoenean, hau da, herritarren ekintzak agertoki publikoa eraldatzean), zalantzarik gabe, Yayo Herreroren hitzaldiaren mezurik indartsuenetako bat. Gure planetaren gaitasunaren kolapsoa edo amaiera adierazten duten datuen eta arlo erreproduktiboaren (zaintzen) kudeaketan sistema patriarkalak eragindako gorputzen kolapsoaren aurrean, astia dago desazkunde globalaren testuinguruan gaudela dioen diagnostiko partekatua iraultzeko. Azken finean, honakoa esan nahi du: “baliabide gutxiagorekin funtzionatzen ikasi behar dugu, jasangarriago izan”.

Yayo Herrerok “aldaketaren etika” proposatzen du elkarren artean lotuta dauden hiru printzipio oinarri hartuta: nahikotasun printzipioa, “beharrezkoa” zer dena birplanteatzea dakar eta hortik abiatuta aberastasuna modu parekidean banatzea (esaterako, fiskalitate mekanismoekin); arlo erreproduktiboa edo zaintzak banatzeko printzipioa, erdigunean jarrita edo, gutxienez, arlo produktiboaren maila berean; eta, azkenik, jasangarritasunaren printzipioa, zentzu zabalean, orokorrean, sistematikoan, xede honekin: “gorputzen bizitzari eustea politika publikoen parte izan behar da”.

Hala, “zori kontua da” eta “ahal duena salba dadila” gisako aitzakia distopikoetan oinarritzen den gure bizitza eroso eta atsegina astintzen du Yayo Herrerok. Testuinguru honetan aurrera egiten ari diren joera (neo) faxistako adierazpen politikoak dira ezkortasun apokaliptiko horren eguneroko askotariko ebidentzietako bat. Kontrara, Yayo Herrerok utopia defendatzen du mobilizazio indibidual eta kolektiborako mugarri gisa. Eta hizlariak munduko hainbat lekutan naturaren eta gorputzen kolapso-egoera hori iraultzeko gai izan diren eta izaten ari diren, edo behintzat aurre egiten dioten, esperientzia praktikoak erakutsi ditu. Aldaketa jasangarrirako esperientzia horien barruan, artea eta kultura ere lehen mailako baliabideak dira. Horregatik, etikak eta estetikak erlazio dialektikoa izango lukete.

Azkenik, Yayo Herrerok defendatzen du hirugarren sektore sozialeko erakundeek jasangarritasunaren arloan eraldaketarako eragileak izaten jarraitu behar dutela. Aldaketa sozialerako eragile gisa duten rola inoiz baino beharrezkoagoa da are orain, geroz eta denbora gutxiago dugulako, materialen kolapsoak geroz eta handiagoak izango direlako, eta ihesbide pertsonalen mota guztietan edo besteekiko beldurraren mugetan adierazten diren indibidualismo-prozesuak areagotu egingo direlako.

Yayo Herreroren inperatibo etiko horrekin geratuko gara, bai eta egiazkotasunez beteriko bere mezuarekin ere.

.