22 Maiatza, 2025

“Bi urte neramatzan langabezian eta ez nuela ezertarako balio uste nuen. Emaktivari esker orain balio dudala sentitzen dut”, horixe da maiatzean Indautxuko geltokian egon den Emaktiva proiektuaren erakusketan irakur daitekeen esaldietako bat. Laster, Gurutzeta geltokian ere egongo da ikusgai.

10 paneletan, Marlyse (Bilbora bakarrik iritsi zen), Itxasne (hautsita zegoela sentitzen zuen), Cristina (ez zekien zertan aritu nahi zuen) edo Ane (lana bilatzeko lanean amore ematear zegoen) bezalako emakumeek azaldu digute zer izan den haientzat EDE Fundazioak bultzatutako Emaktiva programan parte hartzea.

“Lan ordaindua izatea eskubide bat izan beharko litzateke” izenburua duen erakusketa honek aldarrikatu nahi du enplegu bat izateak ez lukeela luxu bat izan behar, guztion eskura dagoen helburu bat baizik, guztiok behar baitugu enplegu duin bat gure bizitzaren jabe izateko.

Emaktivari esker, emakume askok egoera larritik ateratzeko lana eta prestakuntza aurkitu ahal izan dituzte, emakumeak baitira lan-merkatuan sartzeko eta irauteko oztopo handienak dituztenak. 2016az geroztik, mila emakumek baino gehiagok parte hartu dute Emaktivan, eta horietatik % 30ek baino gehiagok kualifikazioa lortu dute. Era berean, parte hartu duten emakumeen 813 kontratu formalizatu dira eta 992 lan-eskaintza kudeatu dira.

Proiektu hau Europar Batasunaren, Euskadiko FSE+ 2021-2027, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Bilbao Ekintzaren eta Donostiako Sustapenaren, Enkarterriko Mankomunitatearen eta La Caixa Fundazioaren lankidetzari esker egin daiteke.

Gogoratu Instagramen eta Linkedinen jarrai gaitzakezuela.