16 Mar, 2023

Etxebarriko Udalak bizikidetzarako eta bakerako hezkuntzaren arloan lan egitearen aldeko apustuan, 2006. urtean Etxebarrin Bizikidetzarako Plan Integrala egin zuen. 2022an Etxebarriko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plana berrikusteko Gizarte eta Hezkuntza Batzordeari lagundu diogu. Berrikuspen horri esker, epe labur, ertain eta luzerako lan-ildoak ezarri ahal izan dira, ezarriko diren bizikidetza-ekimenak etengabe bultzatzeko gida gisa izan daitezen.

Plan hau etengabeko lan-prozesu gisa aurkeztu zen. Prozesu horretan, udalerrian bizikidetzarako oinarriak ezarriko ziren modu parte-hartzailean, eguneroko gatazkak indarkeriarik gabe arautzeari begira, bai eta irtenbide partekatuak bilatzeari eta udalerriko eragile guztiek indarkeriazko eta bidegabekeria sozialeko egoeren aurrean konpromisoa hartzeari begira ere. Zehazki, 2006an hasitako lan-prozesuan lehentasun hauek ezarri ziren:

– Bizikidetzaren arloan udalerrian dauden beharrei behar bezala erantzutea.

– Hainbat sektoreren artean kanalak eraikitzea elkarrizketarako espazioak irekitzeko eta jarduteko estrategiei buruzko akordioak lortzeko.

– Bizikidetzaren arloan, udalerriko eragileen artean partekatutako ikuspegia eta egiteko modua eraikitzea.

Ildo horretan, azken urteotan hainbat jarduera egin dira Etxebarriko udalerrian bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko, hala nola: Bakearen aldeko hezkuntza-programak eremu formalean eta ez-formalean; “Gu Gara” proiektua; hedapen-kanpainak; irrati komunitarioko programa bat diseinatu eta garatzea; prestakuntza-ekintzak; gizarte eta hezkuntza batzordeak sustatutako jarduerak, eta abar.

Urteen joan-etorrian, Etxebarrin Bizikidetza Plan Integrala berrikusteko beharra planteatu du Udalak. Berrikuspen bat, orain arte egindako jarduerak aztertzeko, egungo beharrak partekatzeko, arlo horretako lan-espazioak antolatzeko eta koordinatzeko, eta etorkizuneko jardun-ildoak ezartzeko.