29 Maiatza, 2023
Ikerketa kuantitatibo bat egin dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuarentzat, Gipuzkoako 8 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeek beren ongizatea nola hautematen duten jakiteko. Horretarako, 2022ko udazkenean, inkesta-eredu bat bidali zitzaien Lurralde Historiko osoko ikastetxe guztiei (adin-tarte bakoitzari egokitua eta nazioarteko eta tokiko ereduetan oinarritua).
Prozesu horri esker, haurren eta nerabeen errealitateari buruzko ezagutza zabaldu ahal izan da, kolektibo horrekiko konpromiso handiagoa duen agenda publikoa erraztu da, eta zerbitzu eta baliabide lagunkoiagoak sustatu dira, haien premia eta lehentasunetara egokituak.
Azterlan aitzindaria da, lehen aldiz ezartzen baita horrelako ikerketa bat Lurralde Historikoan. Gainera, ospe handiko aditu-talde batek lagundu du prozesuan, galdeketaren diseinua kontrastatuz, eta inkestaren emaitzak ateratzen. Nabarmendu behar da emaitzak zabaltzeak lagundu ahal izango duela gizartea bere osotasunean sentsibilizatzen biztanleria-talde horren eskubide, behar eta interes espezifikoen inguruan.
Gure helburua izan da haien ikuspegia, kezkak eta proposamenak hurbiletik ezagutzea, politika publikoak diseinatu eta jarduerak planifikatu ahal izateko; zerbitzu eta baliabide lagunkoiagoak eta haien premia eta lehentasunetara egokituak hobetu eta sustatzeko; haien ongizateari buruzko ezagutza zabaltzeko tresna bat diseinatu eta aztertzeko; eta ongizate horrekin lotutako parametro batzuen ebaluazioa monitorizatzeko.
Parte-hartzea oso zabala izan da (8 eta 14 urte bitarteko 10.178 haur eta nerabek parte hartu dute, Gipuzkoako udalerri guztietan, eta horrek esan nahi du Lurraldeko neska-mutilen % 20,1ek erantzun duela inkesta). Emaitzei dagokienez, inkestatutako pertsonen % 78,7 oso pozik daude beren bizitzarekin, baina % 5.1 (524 haur eta nerabe) oso gogobetetze txikia edo ertaina dute. Neskek maila apalagoak dituzte ( % 75,4 oso pozik), baita 12 eta 14 urte bitartekoek ere ( % 65,6 oso pozik). Nesken eta mutilen arteko aldeak 12 urtetik aurrera agertzen dira. Guraso bakarreko familietan bizi diren pertsonek puntuazio txikiagoa dute (8,2 puntu gutxiago batez beste).