12 Feb, 2024

tratuon_jardunaldia
Tratu on programak haurrenganako babesaren eta tratu onaren alde egiten du. Hala, otsailaren 8an jardunaldi bat antolatu genuen, honako izenburua zuena: “Haurrenganako babesa eta tratu ona: sustapenetik laguntzara”. Balioa eman nahi genien arlo ezberdinetan lanean ari diren, baina haurren eta nerabeen aldeko apustu argia egiten duten esperientziei, egitasmoei eta eragileei. 360º-ko ikuspegia dute horiek, eta eguneroko bizipenetan eta egoeretan oinarrituta lan egiten dute, garatzen diren testuinguruarekin konektatuta.

Jardunaldia hasteko, egungo egoera gogoratu genuen eta mahai gainean jarri genituen aurrean ditugun erronka batzuk: prebentzioa, partaidetza, zaintza eta autozaintza, familiei laguntzea, prestakuntza eta sareko lana, eta detekzioa eta erreparazioa.

Tratu on Etxebarriko Maite Flores eta Mikel Carrasco gonbidatu genituen, eta haien udalerriko hezkuntza-eragileekin protokoloen garapena, prebentzio-tresnak… nola lantzen ari diren kontatu ziguten. Bego Ruizek, berriz, Bidegintzak Mantagorri programaren bidez familiekin egiten duen hezkuntza emozionaleko lana kontatu zigun. Eta HZ Gizekimenak eta Kanyo emotionek teknologia haurren eta nerabeen indarkeria prebenitzeko eta detektatzeko nola erabiltzen duten azaldu ziguten Carlos Arguileak eta Yonathan Blancok, eta detektatu ondoren nola jokatzen duten.

Atsedenaren ondoren, Agintzariko Victor Moreno eta Pepa Horno izan ziren gurekin. Giltzarri batzuk partekatu zizkiguten, indarkeriaren biktima diren adingabeei laguntzen eta horiekin esku hartzen duten esperientzian oinarrituta.

Hainbat errealitatetatik abiatuta partekatu eta hausnartu ahal izan genuen goizean zehar: gizarte-entitateak, hezkuntza formala, hezkuntza ez formala, erakunde publikoak, gizarte-zerbitzuak, harrera-etxeak, familia, kirola… 80 pertsona elkartu ginen Bilborocken, eta beste 80k jarraitu gintuzten streaming bidez. Eta honako gaiak landu ziren, beste batzuen artean:

  • Haurrei entzutearen eta partaide bihurtzearen garrantzia, helduzentrismoa alde batera utzita.
  • Sarean lan egitearen, elkar ezagutzearen eta elkarrekin partekatzearen garrantzia, eta horretarako beharra. Geure burua ulertzeko, beste batzuk ulertzeko eta, hortaz, diziplinarteko lantaldeen formatua berrikusteko beharrarekin lotuta. Eta komunitateko hainbat espaziotan ingurune seguruak sortzen saiatzea.
  • Eredu gizatiarren (inperfektuak) aldeko apustua, islatuta sentitu ahal izateko.
  • Konpainia egin. Izan ere, batzuetan, konpainia baino ez da behar, hor egotea eta badakizula jakitea. Haurrek eta nerabeek norbaitek baldintzarik gabe entzuten diela, maite dituztela eta seguru daudela sentitzea. Eta pertsona guztiek maitasuna behar dutela onartzea.
  • Ikusteko eta ikusiak izateko beharra kontuan hartzea. Ikusarazteko beharra; segurtasuna, onarpena, tratu ona, aitorpena, errefortzua, begirada, erreparazioa… sortzeko beharra. “Jendeari ahaztu egingo zaio zer esan zenuen, ahaztu egingo zaio zer egin zenuen, baina inoiz ez zaio ahaztuko nola sentiarazi zenuen”.
  • Ez diegu beldurrik izan behar formula berriei. Digitala aliatu bat izan daiteke, eta ez etsaia. Teknologiaren eta babesaren arteko aliantza positiboa izan daiteke. Erronka handiak ditugu adimen artifizialarekin eta detekzio goiztiarrerako tresna gisa erabiltzearekin lotuta.
  • Familien funtzioa eta inplikazioa zaindu behar ditugu.
  • Eragile guztiak gaitu behar ditugu, prestakuntza eman (maila fisikoan eta emozionalean malabarak egiten ditugula gogoratuta), egiturarako tresnak eman, gainbegiratzeko eta zaintzeko espazioak eskaini… Prebentzioari eta detekzioari gogor ekin. Eta beharrezkoak dira apustu politikoak.

Eta gogoratu ez goazela poliki, urruti goazela. Ezin dugu gogoa galdu. Aukera-une bat da, eta asko dago egiteko. Hortaz, zirimiriaren teknika aplikatu behar dugu: pixkanaka, ez dugula bustitzen emango du, baina gure lanak blaitu egingo du. Eta, indarkeriaren aurka, babesaren eta tratu onaren gure aterkia aterako dugu.

JARDUNALDIAREN BIDEO OSOA ESKURAGARRI