
EDE Fundazioak sustatutako proiektu honek GFAko Etorkizuna Eraikiz laguntza-ildoaren finantzaketa jasotzen du, eta komunitatean haur eta nerabeekin egiten ari diren ekimen hezitzaile, sozial eta politikoak eta Hezkuntza 360 filosofiarekin bat egiten dutenak sistematizatu eta Gipuzkoan zabaltzea proposatzen du.
HEZKUNTZA 360 ekimen hezitzaile, sozial eta politikoa da, Katalunian sortu zen eta pertsonen bizitzako denbora eta eremu guztietan ematen diren ikaskuntzak lotzea proposatzen du: eskola, familia eta komunitatea, parekidetasuna eta aukera-berdintasuna bermatuz. 2020ko irailean, Jaume Bofill Fundazioak eta EDE Fundazioak hitzarmena sinatu zuten EAEn HEZKUNTZA 360 garatzeko.
Planteamendua esperimentala da, eta errealitate desberdina duten Gipuzkoako 3 udalerritan (Zarautz, Lezo eta Oikia Zumaian) garatzen den lan-prozesua du oinarri. Udalerriko hainbat eragilek parte hartuko dute prozesuan, haien komunitateko haurren eta gazteen parekidetasuna sustatze aldera.
Esperientzia horretatik sortzen diren lan-ereduak gainerako udalerriekin partekatuko dira ondoren. Gainera, eremu formaleko, ez formaleko, kiroleko, unibertsitateko eta beste erakundeetako eragileek osatutako Batzorde Zientifikoa eratu da, proiektuaren berri izan dezaten, ezagutza parteka dezaten, sinergiak balia ditzaten eta EAEn gai horren inguruko aurrerapen esanguratsuak egiteko proposamenak gara ditzaten. Batzordea 5 aldiz bildu da azken hilabeteotan.
Hezkuntza 360 ekimenaren asmoa haur eta gazteen beharrak aztertzeko aukera izatea da, Gipuzkoan egiten ari diren esperientzia positiboak ezagutu eta ikusaraztea, eta komunitatean sortzen ari diren beharren araberako ekimen berriak sortzea.