07 Feb, 2023

Antolaketa-aholkularitzatik Hirugarren Sektoreko hainbat erakunderekin batera aritu gara, hala nola Sortarazi, Etorkintza, Nuevo Futuro eta T4 elkartearekin, berdintasunerako barne-planak indarrean dagoen araudi berrira eguneratzeko. Araudi horrek, besteak beste, honako berrikuntza hauek dakartza: negoziazio-batzordeak eratzea, ordainsarien erregistroa, ordainsarien auditoria eta/edo genero-ikuspegitik lanpostuak baloratzea. Hori bultzatzeko, Emakundek urtero egiten duen laguntzen deialdiaren laguntza jaso da.

Lan horietan, genero-ikuspegia eraldaketa feministaren prozesuetan txertatzen laguntzea bilatu da, barnerantz (lan-kudeaketako prozesuak, komunikazioa) eta ingurunerantz (aliantzak, lankidetzak, bezeroak, hornikuntza) izaera integraleko erakunde-kultura aldatuz. Helburu nagusia lortzeko, besteak beste, ekintza nabarmen hauek egin dira:

  • Prozesuak eta ekintzak genero-desberdintasunetatik berrikustea (nola gertatzen diren, horien kausak, nola ezabatu)
  • Kudeaketa-prozesuekin, balioekin, sinismen partekatuekin eta antolaketa-kulturari eragiten dioten sinboloekin lotutako proposamen berriak identifikatzea.
  • Antolaketa-kultura feministarantz aurrera egitea, lidergo eraldatzaileak sustatuko dituena, dagoena aztertuko eta nora joan daitekeen ikusiko duena, balio bereko lanak eta ordainsarien eta generoaren ezberdinatsunak identifikatuko dituena.

Planteamendu horrek hainbat estrategia metodologiko, prestakuntzakoak eta analisikoak konbinatzen ditu, bai kualitatiboak (dokumentu-berrikuspena, elkarrizketak, eztabaida-taldeak, galdetegiak) bai kuantitatiboak (informazioa biltzeko tresnak), aldaketak sortzeko aukera emango duen eskuhartze integral baterako, ez bakarrik arlo indibidual-kolektiboan, objektiboan – subjektiboa eta formala – informala, baita plan desberdinetan ere, aldaketa sozial eta feministaren asmoekin (barruan – kanpoan).