25 Feb, 2020
Olakueta Etxea zaurgarritasun-egoeran dauden migratzaileak aldi baterako hartzen dituen zentroa da, eta lehenetsitako arreta ematen die beren kargura adingabekoak dituzten emakumeei eta familia ugariei.
2018ko irailetik, Eusko Jaurlaritzak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez Olakueta Etxea Migratzaileei Aldi Baterako Harrera Zentroa martxan jarri zuenetik, 16 herrialdetatik (Kolonbia, Georgia, Ukraina, Maroko, Aljeria, Kamerun, Ginea Konakry, Ginea Bissau, Boli Kosta, Senegal, Niger, Angola, Kirgizistan, Mali, Gabon eta Venezuela) etorritako 129 pertsonari eman zaie harrera.
Egoitza honen helburu nagusia aldi baterako ostatua eskaintzea eta zaurgarritasun-egoera berezian dauden pertsonei arreta pertsonaleko eta gizarteratzeko prozesua erraztea da. Baliabide honekin, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden migratzaileek ostatuarekin, elikadurarekin, arroparekin, emozio-orekarekin… lotuta dituzten oinarrizko beharrak estali nahi dira; babesgabetze-egoerak eta aire zabalean egotekoak saihestu eta murriztu nahi dira eta informazioa, orientazioa eta aholkularitza eman nahi zaie.
Zeregin hori egiteko, giza eskubideen oinarrizko printzipioetan oinarritzen gara, duintasunari dagokionez pertsona guztien berdintasuna aitortuz, eta gure laguntzaren bidez, baliabideen sarbidean autonomiaren alde eginez, baita beren bizitzako proiektuekin eta proiektu migratzaileekin aurrera egitea ahalbidetzen dieten aukerak eskainiz ere. Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonek, fisikoki eta emozionalki, migrazio-ibilbideetan izan dituzten zailtasunei aurre egin ahal izateko baldintzak sustatzeko lan egiten dugu, baita beren jatorrizko herrialdeetatik irtetera derrigortu dituztenei laguntzeko ere.
Baliabide hori Suspergintza Elkarteak eta Suspertu SL gizarteratzeko enpresak koordinatu eta kudeatzen du.