12 Mar, 2025

Urrats900x450
Egoitza-baliabide horrek 24 plaza ditu orain, eta aurrerapen nabarmena da indarkeria matxista jasaten duten emakumeei azkar eta lehenbailehen erantzuteko. Aurreko zerbitzuak baino bost plaza gehiago ditu eskaerari erantzun ahal izateko, zoritxarrez handitzen ari baita eskaria.

Urrats egonaldi laburretarako diseinatuta dago, batez beste hilabete pasatxoko egonaldietarako, eta betiere emakume bakoitzaren eta bere familiaren beharretara egokitzen da. Arreta pertsonalizatua, goxotasuna eta babesa emateko espazioa eskaintzea da helburua, emakumeek eta haien seme-alabek egoera zail horri segurtasunez eta laguntzarekin aurre egin ahal izan diezaioten.

Hasiera-hasieratik, zentroaren diseinua azkenaldian landu dugun arreta-ereduaren printzipioak txertatu ahal izateko aukera bihurtzea izan da Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Arretarako eta Inklusiorako Zerbitzuaren eta EDE Fundazioaren helburua.

“Gure ustez, zentroaren diseinuak arreta-ereduan txertatuta egon behar zuen: ingurumen-diseinua, ezaugarri fisikoak eta arkitektonikoak, antolaketa-diseinua, erosotasuna, faktore estresagarrien kontrola, dekorazioa erakargarria izatea… Horrek guztiak lagungarria izan behar zuen emakumeen eta seme-alaben susperraldi-prozesuan”, azaldu du Marta Mojasek, EDEko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko arduradunak.

Arreta-ereduaren printzipio horietako bat parte-hartzea da; hau da, hartzaileak subjektu aktibo eta beren prozesuen protagonista gisa ulertzea. Eta horrekin bat etorriz, espazioen erabilerarekin eta premiekin lotutako entzute-prozesua jarri genuen abian erabiltzaileekin eta profesionalekin. Hortik atera genituen jarraibideak, gero, kontuan hartu genituen diseinurako.

2024an, Urratsek indarkeria matxistaren biktima ziren 89 emakume, haur eta neraberi eman zien arreta.

Generoaren autokontzientzia eta egitura sexistak ezagutzea sustatzen du gure ikuspegiak, emakumeek pairatzen duten indarkeriaren funtsezko faktoreak direlako. Urratsek ingurune segurua eta babestua eskaintzen du, erabiltzaileen ongizatea eta autonomia berreskuratzea sustatzeko.