Orekatuz Batzordea
Lider hitzak ikuskera, ekintza eta erantzukizun ideiak ekartzen dizkigu gogora, ziurrenik trajez jantzitako eta aginte-gaitasun handiko gizon baten irudiari lotuak; hala ere, gero eta pertsona gehiagok dakigu lidergoa gauzatzeko beste modu batzuk badaudela, eta, horregatik, aste hauetan emakumeen lidergoan pentsatzera gonbidatu nahi zaituztegu. Izan ere, emakumeen aurrerapena mugatzen duten egiturazko oztopo eta desberdintasun guztiak gorabehera, lankidetzan, zaintzan eta sororitatean oinarritutako eta maiz ingurune erresistenteetan garatutako haien lidergoa funtsezkoa da maila globaleko eraldaketa sozial, politiko eta ekonomikoa lortzeko.
Lan-munduan emakumearen presentziak eta rolak aldaketa nabarmenak izan ditu 1857ko greba hartatik, zeinak martxoaren 8a ospatzen dugun emakumeen aldarrikapenak sorrarazi zituen.
Baina lidergoari buruz hitz egiten dugunean, datuek berdintasunetik oso urrun dagoen errealitate bat agertzen da:
- NBE Emakumeen arabera, sei herrialdek soilik dute emakumeen ehuneko 50 edo gehiago legebiltzarrean ganbera baxuetan edo ganbera bakarreko parlamentuetan.
- Estatu mailan, 2024an, Ibex-35 osatzen duten enpresetako Administrazio Kontseiluetan emakumeak % 39,2 izan dira. % 41,3 sailburuak dira eta % 12,1 presidenteak.
- Gizarte-erakundeen ezaugarri nagusia feminizazioa da, baina erantzukizuna duten gizonen tasa emakumeena baino handiagoa da ( % 13 eta % 11, hurrenez hurren).
Beharrezkoa da lidergo-eredua birpentsatzea eta berriz aztertzea, sortzen ari diren lidergo-ezaugarriak ikusaraziz, harreman-ereduak indartuz eta genero-ikuspegitik botere-dinamikei arreta kritikoa eskainiz, pertsonen eta erakundearen garapen integrala bultzatzeko.
EDEn aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu, eta maila kuantitatiboan berriro nabarmentzen dira: % 58 emakumeak dira Patronatuko Batzordean, % 47 koordinazio-taldean eta % 70 erdi-mailako arduradun/kargudunen taldean. Eta funtsezkoa egiten jarraitu nahi dugu, lidergo- eta zuzendaritza-ereduen aldaketa estruktural eta sakon bat, hain zuzen ere. Bultzada horrekin sortu zen Emakume Liderrak Kerala proiektua, Orekatuz batzordearen babesarekin eta ibilbidearekin.
Ikuspegi feministatik, elkarlaneko lidergo-formulak bilatu behar dira, erabakiak elkarrekin hartu ahal izateko, bai erakundearen norabidea eta bertan zer egin zehazten duten erabaki-mailetan, bai jarduera bultzatzen duten lantaldeetan. Horretarako, beharrezkoa da egitura horizontalagoak sortzea, desberdintasunak erreproduzitzen edo ahotsak isilarazten dituzten hierarkiak hausteko. Bilatu behar dira entzutea eta erabaki partekatuak hartzeko aukera sustatzen duten lan-moduak ere.
Garrantzitsua da erakundearen antolamendua emakumeen ahotsak entzuteko eta zabaltzeko diseinatua izatea, emakumeen parte-hartze berdina bermatzeko (bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki) erabakiguneetan edo erakundearen maila desberdinetan, bai eta pertsonen profil desberdinek parte hartzeko eta iritzia emateko moduak bilatzea ere.
Gainera, lidergo-roletan edo erabakiak hartzeko postuetan dauden emakumeen ordezkaritza berrikusi behar da, bai eta gauzatzen diren lidergoek inklusioa, enpatia, entzutea edo parte-hartzea sustatzen ditzutela bermatzea ere. Lidergo kolektiboago eta ez hain indibidualistaren aldeko apustua egin behar da, pertsona guztien ekarpenak baloratu eta elkarlaneko kultura sustatzeko. Ildo horretan, funtsezkoa da genero-sentsibilitatea izatea eta ekitatearen sustatzaile aktiboak izatea, boterean praktika sexistak saihesteko.
Pertsonak eta bizitza kontuan hartzen dituzten erakundeen aldeko apustua egiten dugu, lan egiteko modu autonomoagoak, malguagoak, autokudeaketa handiagoa dutenak, lankidetzan aritzen direnak eta ongizatea sustatzen dutenak, erantzukideak eta demokratikoak direnak. Enpatia duten erakundeak, zainketen etika dutenak, bai barruan, bai kanpoan, lidergoen eta elkarlaneko gobernantzen alde egiten dutenak. Eta, bereziki, ikuspegi feministatik antolamendu-aldaketaren alde egiten duten erakundeak. Horrek historikoki genero-desberdintasuna eta beste diskriminazio-mota batzuk iraunarazi dituzten egiturak, praktikak eta balioak eraldatzea dakar. Aldaketa sakona da erakundearen botere-harremanetan, politiketan eta praktiketan.
Ikuspegi feministatik begiratuta, ez da nahikoa erakundeetan barne-aldaketa bilatzea. Aldaketa hori beharrezkoa da, zalantzarik gabe. Baina antolamendu-balioekin batera, lan- eta gizarte-dinamikak moldatzen dituzten kanpoko botere-egiturak (patriarkatua, kapitalismoa, zainketen gizarte-antolamendua, etab.) esplizituki jorratu behar dira. Beraz, erakundeari berari zuzenean eragiten dioten aldaketez ari gara, baina baita kanpoan eragiteaz ere ari gara, nola? erakundearen barruan garatzen diren praktika feministen bidez edo erakundeak izan dezakeen eragin politikoaren bidez.
Helburu horrekin, M8ko gure barne-kanpainaren protagonistak emakume liderrak izan dira. Gure ondora begiratu nahi izan dugu, eta gure erakundeko emakume liderrak aintzat hartu, haien ezaugarriak, gaitasunak eta potentziala aitortzeko.
Ezagutu gure barne batzordeak: Orekatuz (Berdintasuna) eta Kerala (Emakume liderrak)