Begiradak
Igor Bilbao – EDE Suspergintza

 

Maiatzaren 2an eskola-jazarpenaren aurkako nazioarteko eguna ospatzen da. Arazo hori oraindik ere indarrean dago, eta azken urteotan areagotu ere egin da.

Hasiera batean, badirudi gizartea gero eta kontzientziatuago dagoela gai horren inguruan; izan ere, kontzientziazio-kanpaina ugari egin dira eta ikastetxeetan prebentzioa landu da, baina oraindik ere datuak kezkagarriak dira. EAEn, lehen hezkuntzako eta DBHko bost ikasletik batek (% 20,2 lehen hezkuntzan eta % 16,2 DBHn) adierazi du eskola-jazarpenen bat jasan duela, Educo GKEak eta Hezi Zerb elkarteak 2023an egindako “Coordinador/a de Bienestar y Protección” txostenaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, “ziberjazarpena Euskadiko hiru bullying-kasutik batean dago“. Besteak beste, anonimotasuna, mezuak sare-plataformen bidez zabaltzeko erraztasuna edo pantaila baten bidez komunikatzean sortzen den desentsibilizazioa dira jazarpen-espazio hori areagotzen ari diren faktoreetako batzuk. Espazio hori itogarria da, eta biktima asteko 7 egunetako 24 orduetan egoten da ikusgai.

Ziberbullyinga jorratzeko orduan, garrantzitsua da ikuspegi askotatik egitea, besteak beste, teknologiaren erabilera arduratsuari buruzko hezkuntza, enpatiaren sustapena, errespetua, eta horrelako portaerei aurrea hartzeko eta erantzuteko politika eta tresna eraginkorrak ezartzea. Ildo horretan, EDE Fundazioan, hainbat programaren bidez, urteak daramatzagu Bullyingaren eta Ziberbullyingaren inguruko prebentzioa lantzen ikasleekin, irakasleekin eta familiekin. Eta arazoari aurre egiten jarraitzen dugu, betiere inplikatutako rol guztiak aztertuz lan egiteko beharretik abiatuta: biktimak, jazarleak eta behatzaileak, eta beti enpatia erabiliz, hainbeste pertsonari eragiten dion gizarte-arazo horri aurre egiteko beharrezko konpromisoaren bila.