Alex Carrascosa – Elkarteen eta profesionalen garapena
Krisi bat ordena zehatz baten asaldua da. Haren aurrean berehala antzematen ditugu ondorioa — ezegonkortasuna— eta konponbidea —ustezko oreka baten berrezarpena—. Hala ere, soilik ondorio eta konponbideari erreparatzea hutsala da. Jatorriei ere heldu behar diegu. Bere efektu deserosoekin batera, krisi batek erronka bat baitakar: aurreko ordenaren bilakaera.
Egun batetik bestera, COVID-19ak kaos sanitario, sozial eta ekonomikoan murgildu gaitu. Ustekabean, «birus ezezagun batek —azaltzen du ‘Bifo’ Berardik— ekonomiaren, makinaren funtzionamendu abstraktua blokeatu du, bertatik gorputzak ebatsi dituelako.» Erasan ere, birusak pertsona bakoitzari erasaten dio, begirada desbideratuz pertsonek sortzen ditugun sistema abstraktuetatik —finantza-merkatua, lan-merkatua, mugikortasuna, etab.—, eta gizabanako bakoitzarengan, haren osasun-egoeran eta arreta-premian enfokatuz.
Honenbestez, egungo krisialdi soziosanitarioak oreka-joko berri bat planteatzen du, orain arte indarrean egon denaren ordezko lehentasun-ordena. Ikuspegi ‘makro’, ‘meso’ eta ‘mikro’ batetik behatuko dugu:
‘Makro’ esferak kontinenteak, nazioarteko erakundeak eta abiarazitako ekintzak hartzen ditu barne. Nolabait, irakaskuntza globalen ‘domino’ bat esperimentatzen ari gara. Asiak Europari koordinaziorako, autodiziplinarako eta euste eraginkorrerako gaitasuna erakusten dio; eta Europak Amerikari, berriz, mediku-arretarako eskubide unibertsala eta osasun-sistema publiko baten egokitasuna. Asian —bereziki Lau Dragoiek (Hego Korea, Hong Kong, Singapur, Taiwan)— hartutako neurriei dagokienez, hiru prebentibo nabarmentzen dira: bidaia-murrizketak; higiene-, urruntze- eta konfinamendu-protokoloak; eta diagnosi-testak; eta bi probentibo (edo informazio-horniduran oinarrituak): datu eta metrika zehatzen bitartezko herritarren kontzientziazioa, eta positibo lokalizatuen eta gertuko bizilagunen arteko berrogeialdiak. Hori bai, Byung-Chul Hanek kritikatzen duen legez, azken horiek bideragarri izan dira zaintza digitalari esker, onartua herrialde haietan, baina nekez ulergarria europar biztanleriarentzat.
‘Meso’ esferak estatuetako, erkidegoetako edo tokiko administrazioei eragiten die. Eremu horretan, kudeaketa teknikoa, eskumen normatiboa eta aginpide morala Osasun Sistemara lekualdatu dira. Eta, bitartean, Gizarte-Babeseko beste Sistemek harri-lubeta gisa dihardute krisi honen eraso gogorraren aurka.
Eta, ‘mikro’ esferan, olatu-horma sendotuz, Hirugarren Sektore Sozialak eta gizarte-ehundurak esku hartzen dute. Gizartetik bertatik zaintzak biralizatzen ari dira etxe barruan eta kanpoan. Berenez, bizilagunen arteko zerbitzu-sare presentzial zein digitalak gaitzen dira. Ekintzaile eta makerren komunitateek premia handiko artikuluak sortu, eta industriek beren kateak gailu medikoen mihiztadurara egokitzen dituzte, kanpoko eta urruneko hornitzaileekiko menpekotasunik gabe. Komunikazioaren sanitarioek infodemia edo albiste zehaztugabeen, faltsuen eta toxikoen epidemia egiaztatu eta prebenitzen dute. Txoko guztietako lagunek mindfulness saio planetarioak antolatzen dituzte Zoomen bidez. Leiho eta balkoiak keinu kolektiboen agertoki bilakatu dira: ospakizunerako, eta protestarako ere.
Koronabirusak desafio egiten digu paradigmaz alda dezagun: produktibismotik zainketen ekonomiara. Baina nola? Ikaskuntza hauek txertatuz, besteak beste. Lehenik, maila globalean, osasunerako eskubidea eta neurri soziosanitarioak orokortuz OMEren gidaritzapean. Bigarrenik, erakunde-mailan, osasun-sistema eta haren baliabide autonomia indartuz eta gainerako babes-sistemekiko koordinazioa optimizatuz; eta hortik, egiazko argibidea emanez, datu zientifikoez baliatuz baina intimitaterako eskubidea urratu barik —azken muga eskubide guztien eta haien arteko oreka baita—. Eta hirugarrenik, herritarron artean, erantzunkidetasunerako eta elkar zaintzarako neurriak hartuz, modu kontziente, kontsekuente eta helduan, poliziaren hertsapenaren eta leihotiko salaketen beharrik gabe; eta gizarte-mailan, usadio eta ohiturak moldatuz, elikadura-, energia- eta teknologia-burujabetzarantz, eta gobernantza partekatu, konplize eta æfektibo bateranz, afektuetatik efektuak sendagarri baitira.