Begiradak
Begoña Gavilan – EDE Enplegu Inklusiboaren arduraduna

 

Enpleguaren lehen Euskal Legea: Euskadiko enplegu-politika publikoetan paradigma-aldaketa baten aurrean gaude?

Abenduaren 21ean Eusko Legebiltzarrean onartu zen horren esperotako Enpleguaren Euskal Legearen argitalpenarekin amaitu genuen 2023a. Lege hori azken urteotan lantzen aritu dira, eta aurretik Estatuko Enplegu Legea iritsi zen (Enpleguari buruzko 2023ko otsailaren 28ko 3/2023 Legea).

Nabarmendu beharrekoa da Euskadik enplegu-politika aktiboen eskumena onartu zuenetik 14 urte igaro ondoren, Enpleguaren lehenengo Euskal Legea dugula. Hain zuzen ere, legegintzaldi honetako “proiektu nagusietako” bat da. Lege horren oinarri nagusiak dira enplegu-eskatzaileen eskubide subjektiboak aitortzea, lan duina definitzea, enplegu-politika publikoetan berrikuntzaren aldeko apustua egitea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua aldatzea.

Legeak ilusioak eta itxaropenak sortzen ditu, baina, aldi berean, baita kezkak eta zalantzak ere.

 

Zer berritasun ekarri digu Lege honek?

Lege honen garapenak hainbat ekarpen ekarriko dizkigu. Etorkizuneko enplegu-politika publikoak formulatzeko garaian, berrikuntza esanguratsuak eta garrantzitsuak ekarriko dizkigu legeak.

Hala, 1. artikuluan daude jasota Legeak sortu nahi dituen aldaketak: enplegu-politika publikoak berritzea eta modernizatzea, enplegu-zerbitzuak eskatzen dituzten pertsonen eskubideak aitortzea, enplegu-zerbitzuen zorroa antolatzea, Enpleguaren Euskal Sarea eratzea, gobernantza-eredua definitzea, plangintza hobearen eta handiagoaren aldeko apustua egitea, erakunde laguntzaileek parte hartzea eta abar. Amaitzeko, Lanbideren-Euskal Enplegu Zerbitzua erregulatzea du helburu.

Dena den, guztien artean bat nabarmendu behar dugu: “pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko prestazio-edukiarekin lotutako eskubideak aitortzea”.

 

Zein dira Legeak aitortzen dituen eskubideak?

Enpleguaren Euskal Legeak laguntza pertsonalizatua, jarraitua eta egokia jasotzeko eskubidea, enplegagarritasunari buruzko diagnostiko pertsonala jasotzeko eskubidea, enplegu arloko plan integratua eta pertsonalizatua prestatzeko eskubidea eta lanerako prestakuntza jasotzeko eskubidea aitortzen ditu. Bestalde, eskubide horiek aitortzeak enplegu-eskatzaileen aldetik konpromiso edo betebehar batzuk onartzea eskatzen du.

Eskubide horiei guztiei dagokienez, Lanbide-Euskal Enplegu Publikoa da zerbitzu horien kudeaketa eragingarria eta eraginkorra bermatzeko ardura duen organoa. Horrekin lotuta, Legeak Lanbideren-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eraldaketa juridikoa planteatzen du eta, horren arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtuko litzateke. Aldaketa horren bidez, zerbitzuak eskaintzeko garaian malgutasun, dinamismo eta espezializazio profesional handiagoa lortzea espero da.

Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazio ekonomikoak kudeatzeaz arduratzen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izango da. Zeregin horrez gain, erakundearen ardura izango da enplegu arloko politika aktiboak sustatzea eta bultzatzea kudeaketa eraginkorraren, eragingarriaren eta pertsonalizatuaren bidez.

  

Zer da Enpleguaren Euskal Sarea?

Legeak, gainera, Enpleguaren Euskal Sarea sortzea ezartzen du. Nortasun juridikorik ez izan arren, sarea osatzen duten eragile hauen lankidetzarako eta elkarlanerako mekanismoak hobetuko dituen tresna bihurtu nahi du. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, foru-aldundiak, udalerriak, tokiko erakundeak eta beste erakunde publiko batzuk. Erakunde horiek kudeatzen dituzte zerbitzuen zorroko zerbitzuak (Legeko II. kapituluan jasota daudenak) eta enplegagarritasuna eta okupagarritasuna hobetzeko beste programa osagarri batzuk. Horiek guztiak, batez ere, lehen mailako arretako kolektiboei (Legeko IV. kapituluan daude jasota) zuzenduta daude.

Legeak hiru ardatz finkatu ditu Sarearen oinarri izan daitezen: erakundeartekotasuna, espezializazioa eta erabiltzaile diren enpresa eta pertsonenganako gertutasuna enplegu-zerbitzuak eskaintzeko garaian. Beste nolabait esanda, Sareak zerbitzuen zorroa hedatzeko helburua du.

Enpleguaren Euskal Sarearen beste funtzio esanguratsuetako bat izango da lurralde-egoitza bakoitzeko leihatila fisiko eta digital bakarra sortzea.

 

Zer funtzio beteko dute erakunde pribatuek sare berri honetan?

Legearen 56. artikuluak Enpleguaren Euskal Sareko erakunde pribatu laguntzaileen figura eta haiekiko lankidetza-esparrua jasotzen ditu.

Erakunde laguntzaileek Enpleguaren Euskal Sareko zerbitzuen zorroko zerbitzuak eskaintzeko garaian, hori guztia zerbitzuekin lotutako beharraren eta eraginkortasun handiagoaren printzipioen bidez justifikatu beharko da.

Lanbideren-Enpleguaren Euskal Zerbitzuaren eta erakunde laguntzaile pribatuen artean elkarlanerako hiru formula finkatu dira.

  1. a) Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak edo hura ordezkatzen duen arauak aurrez xedatutakoa.
  2. b) Akordio irekien Zerbitzua eskaintzeko garaian hainbat erakundek parte hartzea ahalbidetzen dutenak izango dira. Kasu horretan, ezingo da erakunde bat aukeratu beste baten aurrean eta haiek ere ez dira eskaintzak aurkeztera behartuta egongo.
  3. c) Hitzartutako ekintza-akordioak ekimen sozialeko erakundeekin. Zerbitzuetako kontratu publikoen kudeaketari dagokionez, Enpleguaren Euskal Sareko erakundeek zenbait zerbitzu emateko eta enplegagarritasuna eta okupagarritasuna hobetzeko programak ekimen sozialeko erakunde pribatuei eskaintzeko ardura eman ahal izango die, haien helburu sozialak enplegu arloko jarduerak jasotzen dituenean. Batez ere zerbitzu eta programa horiek lehentasunezko arretako taldeetako pertsonei zuzenduta daudenean izango dute ardura hori.

Legeak, beraz, dirulaguntzen lerroa gainditzen duten lankidetza-formulak jasotzen ditu, eta erakunde laguntzaileek emandako zerbitzuei egonkortasun eta jarraipen handiagoa ematea espero da.

 

Hau guztia lege berriak ekarri digun horren inguruko ikuspegi bat baino ez da. Orain, araudi mailako garapen zehatza espero dugu lege horren inguruan eta enplegu-eskatzaileak eta enpresak protagonista bakarrak izango diren eszeneratzea (benetakoa eta eraginkorra) espero dut. Laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei begira lanean jarraitu behar dugu, lan-munduratzeratzeko aukerak benetan hobe ditzaten, eta, aldi berean, esperotako lege honek eskainiko dizkigun aukeretan arreta jarrita.