Begiradak
Susana Gondra. Arrakala Digitala Murriztea Programa – EDE Suspergintza

 

Eraldaketa digitalen aurrean zaurgarrienak diren pertsonek beste denbora eta arreta-modu batzuk behar dituzte bitarteko digitalak eskuratzeko orduan. Ezagutza helarazteaz gain, jarrera kritikoak garatu behar dira pertsonak ahalduntzeko, haien bilakaera digitalari dagokionez. Ahalduntze digital hori gakoa da etorkizuneko eraldaketa digitaletan biziko ditugun etengabeko aldaketei aurre egiteko.

EDE Suspergintzak LAGUNTZA DIGITALEKO PUNTUA diseinatzen eta garatzen lagundu dio Bilboko Udalari. Programa horrek barne hartzen ditu Laguntza Digitaleko Zerbitzua eta IKTen gaineko prestakuntza, bazterkeria digitalerako arriskuan dauden pertsonei zuzenduta, batez ere, adineko pertsonei eta talde zaurgarriei.

2022ko azkeneko lau hilabeteetan zehar, Zuzeneko Arreta Pertsonala eman diete erabiltzaileei 10 Barrutiko Udal Zentrotan, administrazioekin eta online zerbitzuekin izapide digitalak egiteko. Aurrez aurreko formatuan eta aurretiko hitzordurik gabe. Gainera, eguneroko bizimoduko kudeaketei aplikatutako IKTen gaineko prestakuntza eman diete 18 Eragile Soziali dagozkien 466 pertsonari.

Laguntza Digitaleko Puntuetan arreta eskaini duen Lantalde Bitartekariari esker, zerbitzuaren 2.081 erabiltzaileek egindako 2.302 kontsultetatik, modu positiboan argitu dituzte % 98. Hala, buruan zituzten bi helburuak bete dituzte: izapide digitala egitea eta egiten irakastea.

Lantalde horrek amaierako erabiltzaile gisa egin du lan digitalki, administrazioaren plataformetara sartzeko inolako sarbide lehenetsirik gabe. Izan ere, kudeaketa digitalak herritar-erabiltzaile gisa egitea eta egiten irakastea zen programaren helburua, eta ez udal-langile gisa.

Errealitateak gainditu egin ditu proiektuaren hasierako premisak. Hasieratik ohartu ziren zerbitzuak eskaera handia zuela eta gero eta gehiago hazten zela. Prestakuntza edo Laguntza ekintza bakoitzak beste bat ekartzen zuen, katean. Eragile Sozialak pozik batu ziren proiektura. Jendeak eskertu egiten zuen egindako izapidea, prestakuntza eta gauzak lasaitasunez konpontzeko erabilitako denbora.

Erraza da digitalizazioaren arloan eguneratuta egotea, lan-ingurunean edo ingurune akademikoan gaudenean. Sistemak berak ematen dizkigu prestakuntzarako tresnak. Baina, ingurune horietan ez dauden pertsonentzat, dagoeneko lanik egiten ez dutelako edo prestakuntza eskura ez dutelako, oso zaila da aurrerapen digitala jarraitzea. Norbaitek irakastearen mende daude, borondatez eta denbora eskainita.

Aurrerapen teknologikoa ezartzen duten administrazioek eta enpresek entzun egin behar dute kolektibo horiek duten arrakala digitala; izan ere, aurrez aurreko laguntza auto-laguntza digitalera bideratzen ari dira.

Eraldaketa digitalen aurrean zaurgarrienak diren pertsonek beste denbora eta arreta-modu batzuk behar dituzte bitarteko digitalak eskuratzeko orduan. Ezagutza helarazteaz gain, jarrera kritikoak garatu behar dira pertsonak ahalduntzeko, haien bilakaera digitalari dagokionez. Ahalduntze digital hori gakoa da etorkizuneko eraldaketa digitaletan biziko ditugun etengabeko aldaketei aurre egiteko.

 Programa pilotuaren ondoren, kasuen % 90ean arrakala digitala murriztu egin dela egiaztatu dugu. Laguntza hezigarriak funtzionatu egiten du: egin eta egiten irakatsi.