Begiradak
Irantzu Aurrekoetxea – EDE Ezagutza

“Imajina ezazu hemendik 10 edo 15 urtera eta galde iezaiozu zeure buruari: ikasketa deritzon jardueraren zer proportzio egingo da eskola deritzon instituzioan? Mota guztietako ezagutzara sarbide zuzena duten teknologia merke samarrak izateak aukerak ematen dizkie ikasleei zer, nola eta norekin ikasi aukeratzeko gaitasuna nabarmen handitzeko. Nola eta zer modutan biziraungo du eskola deritzon instituzioak testuinguru horretan? Zer forma hartuko du biziraun ez ezik, testuinguru berri horretan toki produktiboa izan nahi badu? (ELMORE, R. et. CITY, E. 2011.)

Azken hilabeteetan argitaratutako hainbat ikerketek adierazi dute pandemian zehar ugaritu egin direla gizarte osoari zuzenean eragiten dioten zailtasunak, eta bereziki haur eta nerabeei eragindakoak.

Hori lotuta dago, besteak beste, ondoez psikologiko eta emozionalaren adierazleen igoerarekin, aisialdiko eta eskolaz kanpoko jarduerak egiteko zailtasunarekin, kontsumoen igoerarekin eta eskola abandonu-tasaren eta bazterkeria-arriskuaren hazkundearekin. Gizarte gisa erronka handia diren gaiez ari gara, eta auzo eta herri bakoitzetik heldu beharko litzaieke.

Frogatuta dago eskolaz kanpoko eta aisialdi hezitzaileko jarduerek haurrak helduarorako prestatzen dituztela eta eragin positiboa dutela errendimendu akademikoan, gaitasun emozionalen garapenean, trebetasun sozialetan, pentsamendu sortzailean, arrisku-jokabideak saihesten dituztela eta abar. Helburua ez da erantzun gehiago ematea soilik, ikasteko aukera eta parte-hartzeko eremu gehiago eskaintzea baizik, jokabideak elkarren artean diseinatu eta zentzu bat emateko, haur eta nerabeen beharrak, motibazioak eta interesak aseko dituztenak, ingurune hurbilenarekin sareak ehunduz (eskolak, aisialdi eremuak eta abar).

Zorionez, gure inguruko udalerrietan esperientzia positibo ugari ari dira aurrera eramaten, esaterako, Hezkuntza 360k proposatzen duena. Perezek dioen moduan (2012), “eskolakoaren eta eskolaz kanpokoaren, formalaren eta informalaren arteko mugak dagoeneko ez ditu eskolaren eremuak eta denborak definitzen. Eskolaz kanpoko asko dago eskola-orduetan, eta eskolako asko dago eskolako ordutegiaz kanpoko eremuetan eta denboran.

Hainbat udaletxe, ikastetxe, elkarte eta aisialdi-talde ekimenak bide horretatik garatzearen alde ari dira eta balorazioak oso positiboak dira. Proposamen mota horiek sustatzen dituzten eragileek defendatzen dute ikasketa-maila, diru-sarrerak eta familien jatorria ez direla oztopoa izan behar eremu sozio-hezitzaileetara iristeko, horrek desberdintasun handiak ekarriko lituzkeelako.

Hortaz, haur eta nerabeen politikak berrikusteko beharra nabarmendu behar dugu, hezkuntza-parekidetasuna eta haur eta nerabeen toki-mailako parte-hartzea sustatzen duten estrategien bitartez. Nola berma dezakegu haur eta nerabeak parte-hartzeko eremuetara sartzea? Agian, galdera batzuk eginez has gintezke: Erakargarriak dira haientzako pentsatzen dituzten proposamenak? Pertsona guztien ikasketa erritmoak errespetatzen dituzte? Nahikoak dira? Egokiak dira? Jarraipena dute? Interesgarriak dira? Parekidetasuna errespetatzen dute? Zertarako sortu dira?

Azken hilabeteetan izandako krisiak aurrerapauso bat ematera desafiatu gaitu, komunitateko pertsona eta elkarteekin batera gogoeta eginez, eremu parte-hartzaileak sortuz eta praktikan jarriz gure hurbileneko inguruarekin lotutako estrategia berriak.

Azken finean, ekosistema parte-hartzaileagoak eta hezitzaileagoak sortzeko erronka dugu, komunitatean diharduten eragile guztien erantzunkidetasuna eta ahaleginarekin. Haurren eta nerabeen inguruan dauden pertsona eta elkarte guztiek elkarren beharra dute topatzen dituzten erronkei aurre egiteko.