Marce Masa. Eraginaren, Estrategiaren eta Kontrol Koordinatzailea
Otsailaren 24an EDEk Euskadi 2030 Agenda Saria emateko ekitaldian parte hartu du. Lehendakaritzan egin da, eta EDE, beste erakunde batzuekin batera, Garapen Jasangarriko Helburuekin eta 2030 Agendarekin konprometitutako erakundetzat hartu da, “Konpromiso” maila lortu baitu, EUSKALITen laguntza teknikoarekin arlo horretako autoebaluazio-prozesuan parte hartu ondoren.

Aitorpen instituzional hori beste urrats bat da gure erakundearen ingurumen-jasangarritasunaren aldeko apustuaren barruan. Esate baterako, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetako bat gara, Euskadi 2030 Gunearen jatorritik bertan integratua. Duela gutxi egindako NOW 2030 proposamenean ere parte hartu genuen, eta Garapen Jasangarriko Helburuen aldeko Euskal Aliantzarekin bat egitea berritu dugu, “2030 Euskadi Agenda Kontratu Sozial baterako” adierazpenaren bidez.
Barruan, duela 25 urte baino gehixeagotik, IZADI Batzordea dugu (lehen “GAIA” izenarekin), garatzen ditugun zerbitzu eta jardueretan jasangarritasunaren ingurumen-dimentsioa bultzatzeko tresna. Eta konpromiso horren adierazpenik handienetako bat, zalantzarik gabe, gure aldaketa-ikuspegian islatzen da: “gizarte jasangarri bat lortu nahi dugu, planeta eta pertsona guztiak zaindu eta barne hartzen dituena, eskubide berdinak dituztenak, partaidetzatik eta guztion ongiaren zerbitzura erantzunkidetasunez eraikia“. (EDEren Inpakturako Estrategia, 2024).
Jasangarritasunaren aldeko gure konpromisoak urrats gehiago ematen jarraituko du, are gehiago Europar Batasuneko Corporate Sustainability Reporting Directive (CSRD) aplikazioarekin, zuzenean edo zeharka lotutako arauen garapenarekin, eta Ingurumen-, Gizarte- eta Gobernantza-irizpideekin (ASG – ESG). Gure asmoa da, lehen aintzatespen-maila hori lortuta, planteaturiko hurrengo mailetan (Bidean eta Aurreratu) modu aktiboan parte hartzen jarraitzea.