Begiradak
Nerea Atxa, Adinkoak arloa. EDE Suspergintza

 

Nazio Batuen Batzar Orokorrak, 1990ean, adinekoen Nazioarteko Eguna izendatu zuen urriaren 1a. Egun hau, kasu askotan, oharkabean pasatzen da gizarteko kide gehienentzat, eta adineko pertsonek gehiengoa osatzen duten espazioetara mugatzen da ospakizuna.

Dena den, beharrezkoa da adineko pertsonak bistaratzea eta haien ahotsa horma horiez kanpo ere entzutea, hala, gizarte osora zabaldu ahal izateko. Adinekoak beste modu batera ezagutzeko aukera da, haien adinarekin bakarrik lotutako estereotipoetan edo aurreiritzietan erori gabe.

EDE Suspergintzan bat egiten dugu ahots horrekin. Eta, horri erantzuteko, diseinatzen eta kudeatzen ditugun zerbitzuek eta programek honakoei ematen diete garrantzia: autonomia sustatzea, haien gaitasunak (eta ez horrenbeste haien gabeziak), euren erabaki propioak hartzea eta urteetan zehar eskuratu duten esperientziari balioa ematea.

Zaintza eta laguntzak planifikatzean, Pertsona Erdigunean jartzen duen Arreta Integrala izan behar da oinarrian; hori aldarrikatzen dugu. Hala, haien bizi proiektua garatzen eta planifikatzen lagundu behar zaie pertsonei (eta, hala dagokionean, familiei), haien nahi eta helburu pertsonalak lortzeko beharrezko pausoak eman ahal izan ditzaten. Laguntzarako baliabide malguak, arreta-eskaintza dibertsifikatuarekin, esku hartu beharreko egoeren eta gaitasunen abaniko zabala estali ahal izateko. Osasun biopsikosozialaren arlo anitzak (funtzio fisiologikoak, psikologikoak, psikoafektiboak, familiako harremanak, komunitatean parte hartzea…) barne hartuko dituen esku-hartzea, pertsona bere osotasunean kontuan hartzeko eta haren beharrak ikuspegi integralago batetik aintzat hartzeko.

Pertsonaren zahartze-prozesuaren bilakaeraren une ezberdinei erantzuna emango dien arreta, etenik izango ez duena. Aitzitik, esku-hartze batetik bestera pasatuko litzateke, intentsitatea doituz.

Hala, martxan dagoen esku-hartze plan bat bermatuko litzateke, adineko pertsonak une bakoitzean dituen benetako beharretara egokituko litzatekeena, hark mendekotasuna izan edo ez. Ondorioz, familia zaintzailearen beharretara ere egokituko litzateke, arreta jarraitua antolatu ahal izateko.