Begiradak
Andrea Alfaro – BBK Family

 

2009an, Eusko Jaurlaritzak eskoletan teknologiak txertatzeko helburua zuen Eskola 2.0 programa jarri zuen abian. Eskola publikora joaten naizenean, oraindik ere programaren idazpuruarekin banatu zituzten lehen ordenagailu berde haietako batzuk topatzen ditut. Irakasleek gehienek kexa egiten dute, funtzionatzen ez dutelako eta haiek berritzeko dirurik ez dagoela esaten dietelako. Gainera, ordenagailu haiek lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailetarako bakarrik dira irisgarriak. Hori dela eta, gainerako ikasleek informatikako eskolara joaten direnean bakarrik erabil ditzakete ordenagailuak.

Baina, bat-batean, ikasturtearen erdi-erdian etxean sartuta egotera behartu gaituen pandemia iritsi da eta, XIX. mendean gaudenez, eskolak online emanez aurrera jarraitu beharko genukeela dirudi.

Baina ez dezagun geure burua engainatu; horretarako, familiok mahaiko ordenagailua edo eramangarria (ahal dela, eskolakoa), Interneteko konexio ona, hala lan egiten ohituta dauden ikasleak eta IKTak erabiltzearen inguruko ezagutzaren bat duten irakasleak izan behar ditugu.

Fitxen sindromea

Eta hala ez denez, etxera 70 fitxarekin, azalpenik gabe, joan diren ikasleak ditugu edo, asko jota ere, irakasleak ordenagailu edo telefono bidez fitxak erantzunekin eskaneatuta bidaltzen dizkienak.

Zorionez, ordea, ez dirudi itxialdiak azken hiruhilekoko hiru hilabete baino gehiago iraungo duenik, baina, zalantzarik gabe, ikasleen artean aldeak egongo dira. Izan ere, politikan daudenek harro-harro botatzen dituzte berrikuntza, design thinking… eta halako hitzak, baina gure eskoletan, oraindik ere, duela 30 urte baino gehiago ni eskolara joaten nintzenean zeuden idazmahai eta mahai berdinak daude.

Gure alabak sekulako zortea izan du. Bere tutorea, 60 urtekoa, eskola osoko irakasle teknologikoena da eta funtzionatzen duten ordenagailu gutxiak aprobetxatu ditu bere eskoletan erabiltzeko. Eta badakit horretarako sekulako ahalegina egin behar izan duela.

Beti izan da bere metodo “berritzaileak” direla eta oso kritikatua. Orain, ordea, itxialdian, onlineko eskolak erabiltzen, matematika ikasteko aplikazioak erabiltzen eta abar egiten jarraitzen du, baina, gainera, ordenagailu eramangarriak eman dizkie halakoak ez zituztenei eta Internet izateko txartelak erosi dizkie.

6. mailako gainerako eskolek fitxekin konformatu behar izan dute. Horixe da, esate batera, ingelesean gure alabaren egoera: ikasgai horretan, fitxa madarikatuen sindromea bizi dugu. Dena den, gure alabak zortea du; izan ere, bere aitak eta amak ingelesa menderatzen dute eta laguntzeko gai gara.

Argi dago itxialdi honek epe luzera begira hausnarketa eragin beharko ligukeela; izan ere, hezkuntzak ezin du aitaren edo amaren maila ekonomikoaren edo akademikoaren, edo eskoletan teknologia bene-benetan martxan jarri ahal izateko oztopoak oztopo borrokan jarraitzen duten irakasleen mende egon. Horrek guztiak egitura mailako aldaketa eskatzen du; ikusiko dugu hori egiteko gai ote garen.