Begiradak
Diógenes Sabana Bisoko – Biltzen, Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzua

 

Berdintasun-printzipioa da edozein demokrazia moderno kontsolidatutan balio nagusienetako bat. Berdintasuna hainbat alderditatik landu daiteke eta kohesio soziala sustatzea eta elkarbizitza hobetzea biltzen ditu. Hitz gutxitan esanda, berdintasunaren alde borroka egiteak bazterketa sozialaren eta edozein diskriminazio motaren aurka borroka egitea dakar berekin.

Bazterketa soziala gizarte baten desberdintasunen isla da; eta, ondorioz, baita diskriminazioarena edo bereizketarena ere. EDE Fundazioak, historikoki, aukera-berdintasuna bultzatzearen aldeko apustua egin du haren zentzu sakonenean, gizarte-egoera ahulenean dauden pertsonekiko konpromiso etikoa erakutsita. Diskriminazioaren aurkako posizionamendua argia da, batez ere, haren alderdi larrienari dagokionez: gorroto-diskurtsoena eta -delituena.

Bistako arrazoiak direla eta ,ezinezkoa da hemen gorroto-diskurtsoaren eta -delituaren kontzeptuak mugatzea. Bi horiek, batez ere, zigor-kodeko 22.4, 173, 510 eta hurrengoek arautzen dituzte.

Urteak daramatzagu Eusko Jaurlaritzaren Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiken Sailari atxikitako Biltzen Zerbitzuaren (Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzua) bidez gorroto-diskurtsoen eta -delituen aurka borrokan. Biltzen 2004an sortu zen immigrazioarekin lotutako Euskadiko lehen planaren baitan eta, duela 10 urte baino gehiagotik, Euskadiko Tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko sarearen (Eraberean) idazkaritza teknikoaz arduratzen da. Sareak Ijito Herriaren, LGTBIren eta atzerriko migrazioen begiradetako kolektibo sozialak bateratzen ditu. Sarea Eusko Jaurlaritzaren Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak bultzatzen eta finantzatzen du eta Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza da sarea bultzatzeko zeregina bere gain hartzen duena. Hala, Biltzenek zuzendutako talde eragilearen bidez sareari laguntza eta koordinazio teknikoa eskaintzen dizkie.

Horrekin lotuta, Biltzenek tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko Euskadiko lehen eta bigarren kongresuak egin ditu 2018an eta 2021ean aske eta berdin duintasunean eta eskubideetan eta erantzunak gorroto-diskurtsoaren aurrean izenburupean hurrenez hurren; Horretarako, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Kazetarien Euskal Elkargoa, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsua eta erakunde sozial ugari ordezkatuz, laguntzaile aditu askoren elkarlana izan dugu.

Apustu horren bidez, Biltzenek eta, horrenbestez EDE Fundazioak, diskriminazio mota ororen aurkako gure borroka eta gizarteratzearen eta berdintasunaren aldeko gure konpromisoa sendotu dute gizarte zibilarentzako eta administrazio publikoentzako gogoetarako guneak sortzen dituzten programa eta zerbitzu berritzaileen bidez. Hala, bide batez, erabakiak hartzeko prozesua erraztu die.