Begiradak
Itziar Fernández – Europar Programako Zerbitzuaren Arduraduna

 

Pandemiak eta postpandemiak Europaren zimenduak astindu dituzte, eta gure sistemak (ekonomikoa, osasuna, lana, gizartea, ongizatea, geopolitika…) eta, batez ere, gure bizimodua kolokan jarri dituzte. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da indarberritze kolektibo eta kohesionatuan inbertitzea, elkartasuna, batasuna eta konbergentzia indarberritzearen bidean jartzeko: krisitik ateratzea, indartsuagoak ateratzea eta hobeak ateratzea, inor atzean utzi gabe.

 

Zein tresnarekin?

Europako Batzordeak, Parlamentuarekin eta Europako Kontseiluarekin batera, aurrekaririk gabeko neurri batzuk jarri ditu abian, Next Generation EU Larrialdi-mekanismo berrian zehaztutakoak. Next Generation EU mekanismo horrek, Urte Anitzeko Finantza Markoarekin eta pandemian aktibatutako premiazko mekanismoekin batera, krisitik ateratzeko laguntzen mapa osatzen du.

 

Zertan?

Finantza-tresnak bezain garrantzitsuak dira printzipioak: kontua ez da irtetea bakarrik, hobeak ateratzea baizik. Marko berriak “gizarte erresilienteak” garatzeko beharra azpimarratzen du. Gizarte erresilienteak gizarte kohesionatuak dira. Eta gizarte kohesionatuak gizarte bidezkoak eta integratzaileak dira. Europako Batasunak lau ardatzen inguruan antolatzen du errekuperazioa:

  • Trantsizio ekologikoa.
  • Eraldaketa digitala.
  • Gizarte- eta lurralde-kohesioa.
  • Genero berdintasuna.

 

Zer?

Aurrekontua gauzatzeko, proiektu estrategikoak garatuko dira: inpaktu-proiektuak, proiektu berritzaileak, tamaina handikoak eta politika eta lehentasunen arabera lerrokatuak, Gizarte Eskubideen Europar Pilarearekin eta ikuspegi global eta zeharkakoarekin: proiektu konplexuetarako konponbide konplexuak. Lankidetza publiko-pribatua eta kogobernantza ere ezinbesteko baldintzak dira.

Indarberritzea luzea izango da, baina beharrak berehalakoak dira. Hori dela eta, Berreskuratze eta Erresilientzia Plana abian jartzeko egun hauetan sinatu den akordioa batasunaren eta Europako elkartasunaren adierazpen ahaltsua da, bai eta egin nahi dugun ahalegin kolektiboarena ere, banakako eremutik eremu komunitariora. Hauxe da Europaren unea: indarberritze kolektiboan eta hurrengo belaunaldientzako etorkizun hobean inbertitzeko leku paregabea aurkitzen dugu.

 

“Itxaropena ez da gauzak ondo aterako diren uste sendoa, baizik eta zerbaitek zentzua duela dioen ziurtasuna, azken emaitza kontuan hartu gabe .”

 Vaclav Havel