Begiradak
Itziar Etxebarria Gorostiaga – EDE Fundazioko Euskara Batzordearen arduraduna

 

Gaur, Abenduaren 3a,  Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Honez gain, Euskaraldia 2020ko kanpainaren  azken txanpa bizitzen ari gara. Guzti honek eraginik badu Hirugarren Sektore Sozialeko entitateetan? Non kokatzen da Hirugarren Sektore Soziala euskarari dagokionean? Gaur egun zeintzuk dira ditugun zailtasunak? eta  etorkizunari begira ditugun erronkak?

Euskararen ezagutzak, azken urteetan gora egin du euskal gizartean oro har, baita Hirugarren Sektore Sozialean (HSS aurrerantzean) ere. Horretan eragin berezia izan dute: hezkuntza –sistemak, euskaltegiek eta motibazio kanpaina desberdinak, besteak beste. Euskararen erabilerak, aldiz, ez du horren erraz gora egin, ez behintzat, neurri berean.

Hori horrela izanik, afera horretan euskararen aldeko ekarpen soziala egiteko aukera paregabea dugu. Hortaz, HSStik euskararen aldeko apustu argia eta sendoa izan behar da: zerbitzuak euskaraz eman eta lana euskaraz egitea lortu behar dugu.

Berez, hamaika arrazoi ditugu euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko. Batetik,  hizkuntza eskubideak: euskara Hizkuntza ofiziala da; oinarri juridiko eta lege desberdinak babestua. Bestetik; bezeroen eskubideak eta eskaera; hau da, erabiltzaileak horrela eskatuz gero, zerbitzua euskaraz ematera behartuta gaude. Azkenik, koherentzia eta kalitatea, zerbitzuak gure hizkuntzan emateko gai izatea, kalitatearen adierazlea da.

Horren haritik eta horrekin lotuta, ezinbestekoa da Euskara Hirugarren sektore Sozialean ikerketaren berri ematea. Berau, 2017an Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Behatokiaren gidaritzapean  burutu zen, eta hainbat elkarteetako euskara arduradunak parte hartu genuen bertan.

Ikerketaren arabera, entitateen % 47n langile euskaldunak gehiago dira. Aldiz, bakarrik % 9n da euskarari gehien erabiltzen den hizkuntza. Euskara batez ere, idatzizko kanpo-komunikazioan erabiltzen da, eta gutxien erabiltzen den esparrua ahozko barne-komunikazioa da.

Entitateen % 51k euskararen erabilera bultzatzeko sustapen ekintzak egin dituzte. Etorkizunari begira, afera horretan entitate berriak animatzea behar-beharrezkotzat jotzen da. Hala ere, entitate askok eginkizun horretan hasteko zenbait zalantza adierazi dituzte: zer egin, nola egin, nola hasi…

EDE Fundazioatik, arlo honetan dugun esperientzia kontuan izanda, azpimarratu dezakegu  Euskara plana dela, entitateetan euskarari merezi duen tokia emateko bitarteko eta baliabide garrantzitsua. Azken batean, helburua entitateetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea da. Lan honetan zuzendaritza-taldearen inplikazioa eta konpromisua nahitaezkoak izango dira eta langileon rola ezinbestekoa, gure esku dago euskara GEHIAGO GEHIAGOREKIN ETA GEHIAGOTAN erabiltzea, bai ahoz eta baita idatziz.

Hori guztia aintzat hartuta eta dakigunetik abiatuta, bide eta erronka berriak jorratzeko momentua da. Izan ere, entitate sozialak izanik, zerbitzua euskaraz emateko gai izatea eta lana euskaraz egitea, erantzukizun soziala ere bada.