Begiradak
Leire Ortiz de Zarate – boluntako koordinatzailea

 

Covid-19aren pandemiak agerian utzi ditu gizarte gisa ditugun ahulezia politiko, ekonomiko eta sozial asko. Baina aldi berean, larrialdi-egoerak berriz ere gizateriaren alderdi solidarioena agerrarazi du.

Izan ere, elkartasuna da giza balioetan nagusienetako bat. Balio hori are gehiago nabarmentzen da egoera eta esperientzia zailen aurrean gaudenean. Une horretan, solidaritateak dakarren pertsonen arteko elkarrekiko lankidetza aktibatu egiten da eta ez du muga politikorik, erlijiosorik edota kulturalik.

Horrelaxe soilik azal dezakegu hilabete hauetan egindako laguntza-deiei emandako erantzun uholdea; horrelaxe soilik azal ditzakegu banaka eta kolektiboan Covid-19aren aurrean egoera zaurgarrienean dauden kolektiboei laguntzeko abian jarritako milaka eta milaka ekimenak.

Hau guztia amaitzen denean, krisiaren aurrean izandako erantzun sozialari aitorpena egin beharko zaio, eta aldi berean, elkartasun-uholde hori bideratu, itzali ez dadin.

Jabetzen gara herritarren elkartasuna sustatzeko modurik onena eredu ematea dela; eta hain zuzen ere norbere esperientziatik eta jokabide solidarioak dituzten pertsonetatik hartzen dugu eredu hori.

Larrialdi-egoeraren aurrean laguntzen ari diren pertsona askorentzat lehen esperientzia da boluntario gisa. Horrelako egoera batek gure inguruan sortzen duen sufrimendua gertu-gertuan sentitzen dugunean egin nahi dugun ekarpen horretatik sortutako esperientzia.

Baina ziur ez dela azkena izango, ekintza boluntarioaren onurak esperimentatzeko aukera izan baitute:

  • Erabilgarri sentituz.

Gainerakoengatik zerbait ona ari dira egiten, eta horrek errealizatuta eta erabilgarri sentiarazten die. Eta beren buruarekin zenbat eta hobeto sentitu, orduan eta seguruagoa izango da bizitzaren eta etorkizunaren ikuspegi positiboagoa garatzea.

  • Ingurunearekin loturak sortuz.

Arreta emandako beharrak bizi diren auzoko, udalerriko, hirietakoak dira, beraz, komunitatearekin lotura estutu eta laguntza-sareak zabaltzea ahalbidetzen du. Boluntario izateak interes komunak dituzten pertsonak gerturatzen ditu, elkarrekin jarduera solidarioak egiteko.

  • Haien gaitasunak eta trebeziak probatuz.

Boluntarioek pandemia honetan pertsona zaurgarrienei ematen diete laguntza, enpatia, lasaitasuna eta sentsibilitate handia behar duten gizarte-larrialdiko egoerei aurre eginez.

  • Eta boluntariotza izateko modu bilakatzen duten pertsonengandik ikasiz.

Adin guztietako pertsonak, konpromiso sozial handiarekin, behar sozialez jabetuta eta haiek hobetzeko inplikatuta, eraldaketa soziala helburu gisa hartuta, pertsona guztien duintasuna, justizia soziala eta garapen iraunkorra bilatu nahian. Eta horiek dira boluntariotzako ekintzaren enbaxadore onenak, beste pertsona batzuk sentsibilizatuz eta inplikatuz.

Espero dezagun pertsona horien guztien elkartasuna ez dela itzaliko pandemia gainditutakoan, eta esperientzia hau barruraino sartuko zitzaiela, munduarekiko eta gainerakoekiko sentikorrago bihurtuz; izan ere, hilabete hauetan bizi izandakoak berriz pentsarazi digu munduarekiko harremanen eta komunitateko loturen garrantzia.

Baina badakigu sua bizirik mantentzea zaila dela, eta etengabeko esku-hartze koordinatua eskatzen duela. Horixe da eta izango da gure erronka, sektorearen erronka, boluntaren erronka… Elkarrekin lan egitea elkartasuna sustatzeko eta hura erabiltzen dutenak zaintzeko.