Begiradak
Jon Pernía, Suspertu SL, EDE Fundazioko gizarteratze-enpresa

 

“Gastronomia jasangarria” diogunean edo entzuten dugunean, kontzeptu hauek datozkigu burura: Osagaien jatorria kontuan izatea, soberan dauden elikagaiak erabiltzea ez botatzeko, elikadura osasuntsua eta orekatua, 0Km… Etorkizunarekin eta planetaren zaintzarekin zerikusia duten kontzeptuak zalantzarik gabe.

Kudeatzen ditugun ostalaritzako baliabideetatik eta diseinatzen ari garenetatik (Jatetxe Soziala, Athleticeko elikadura-zerbitzua), gastronomia jasangarriaren inguruan hitz egiten dugu, eta 0Km-ko produktuen alde, elikadura orekatuaren alde eta soberan ditugun elikagaiak ahal den gehien aprobetxatzearen alde egiten dugu. Ez dugu ahaztu behar gastronomia jasangarriari lotuta dauden proposamen jakin batzuek eragin handia dutela kostuan, eta gure amaierako xedea ez denez Michelin izar bat lortzea, lan egiten dugun pertsonak lan munduan sartzea baizik, kostua oso kontuan izan behar dugun elementua da.

Eta pertsonez ari garela… Ez al da hori ere gastronomia jasangarriari ekarpena egitea? Ostalaritzako zerbitzuak kudeatzeko moduaz harago, gure inguruko pertsonekin egiten dugu lan, hainbat arrazoi direla eta, gizarte berekoiak soberakintzat, trabatzat hartu dituen bizilagunekin.

Ematen diegun laguntzan kontuan hartzen ditugu pertsona bakoitzaren jatorria eta egoerak, etorkizunera begiratzeko. 3 urteko prozesuan prestakuntza eman, lagundu eta elkarrekin lan egiten dugu, eta aukera-berdintasuna eta oreka handiagoa dituen etorkizun osasuntsuaren aldeko apustua egiten dugu.

Gastronomia gizakiak elikadurarekin eta bere inguruarekin duen erlazioa aztertzen duen zientzia da. Jasangarritasuna, berriz, zerbaiti denboran zehar eustea da, baliabideak agortu gabe edo ingurumenean kalte larririk eragin gabe.

Eta gertuko produktuekin “Juego de Cartas” saioko gazta-tartarik onena egin ez bagenuen ere… Norbaitek zalantzan jartzen du Suspertuk Gastronomia Jasangarria sustatzen duenik?