Begiradak
Ainhoa Allende – BBK Family programaren koordinatzailea

Post hau familiei esker ona adierazteko izan daitekeela iruditzen zait, bizitzea egokitu zaigun garai honi aurre egiten ari garen moduagatik, haurrei eta familiaburu diren helduei zor zaien esker ona.

Atzera begiratzen badugu, konfinamenduaren lehen egunetan familiok beldurtuta geunden, kezkatuta geunden zelan sostengu eman eta eutsiko ote genien gure seme-alabei, zelan entretenituko genituen egunean hainbeste orduz, zelan uztartuko genituen lan- eta eskola-bizitza elkarrekin leku berean, etab. Beldur batzuek hor jarraitzen dute, ez baitugu argi ikusten etorkizuna, inork ezin digu argi eta garbi esan zelakoak izango diren egin beharko ditugun hurrengo urratsak. Ez dugu galdera edo itaunen erantzunik, eta horrelako egoeretan gehien kezkatzen gaituzten gauzetako batzuk ziurgabetasunak, itxaron beharrak eta uste edo susmoak izaten dira.

Baina, BBK Family proiektuaren bidez, ohartu gara familiok egokitzeko ahalmen ikaragarria dugula eta gaitasun-katalogo zabal bat martxan jartzeko gai izan garela, konfinamendu hau hazkunderako aukera gisa bizitzea ahalbidetzen diguten gaitasunak. Eta familietan ez ezik, auzokoen artean ere laguntzarako sare asko ari dira martxan jartzen, eta horietan ikasi, lagundu, elkartasuna adierazi, proposamen berritzaileak egin eta abarretarako aukera dago.

Martxan jarri den zera positibo guztia identifikatu ahal izango dugu? Izango dugu aukera eratzeko gai izan garen gauza on guztiei eusteko? Gai izango ote gara banako eta taldeko ikaskuntza horiek gu indartsuago, koherenteago eta sentikorragoak egin gaitzaten koronabirusaren intentsitatea igaro ostean? Garrantzitsu denaren balioa identifikatuko ote dugu? Izatearekin egitearekin baino konektatuago utziko ote gaitu?

Prozesu honen alde ona aitortzeak ez du esan gura zalantza barik bizitzen ari garen min, tristura, beldur edo zailtasunak ukatzea. Maite genituen pertsonei egindako azken agurrak, haiek galtzearen dolua, konfinamenduak eragindako haserreak, komunikatzeko zailtasunak eta abar ere hor daude eta ez dira ukatu behar.

Konfinamenduak familia batzuen indarra erakutsi du

Aprobetxatu gura nuke, halaber, familia batzuen balioa bereziki azpimarratzeko, egoera honetan are gaitasun eta trebetasun gehiago jarri behar izan dituzte-eta martxan; esker on are handiagoa zor diegu beraiei. Adibidez:

  • Konfinamenduari aurre egiten dioten guraso bakarreko familiak. Bakoitzarentzako espazioak bilatzera bideratzen gaituzte, geure buruak jagon edo zaintzeko uneak izatera besteak zaindu ahal izateko …; bi pertsona helduko familia batean kosta egiten bada, imajinatu zer malabarismo egin beharko dituen bakarrik dagoen ama edo aita batek bere seme-alabekin. Gainera, norberaren eta besteen errusiar mendi emozionala bakarrik eta beste inoren laguntza barik igaro beharrean daude.
  • Familia bananduak. Banandutako familiek behin-behineko erronka eta akordio batzuei aurre egin behar izan diete bisitak berrantolatzeko, seme-alabekin aldaketak egiteko, … eta ordezko komunikazio-sistemak jarri behar izan dituzte abian seme-alabei egonkortasuna eskaintzeko.
  • Lan-egoera prekarioa edo baliabide ekonomiko urriak dituzten familiak. Hilaren amaieran kobratuko duten ez jakitea, profesional autonomoaren ordainketari aurre egitea, ezkutuko ekonomian lan egiten duten familiak … guztiak dira prozesu honi kezka eta antsietate plus bat gehitzen dioten zirkunstantziak. Horrela, familia horiek euren seme-alabei eskaintzen dieten informazioa babesten ari dira, segurtasuna eta konfiantza emanez.
  • Euskararekin, ingelesarekin, teknologia berriekin eta abarrekin zailtasunak dituztelako, beren seme-alabei eskola-prozesuan laguntzen dabiltzan familiak, horretarako aplikazioak eta itzultzaileak deskargatzen, beste guraso batzuei deitzen, lasaitasuna mantentzeko ahaleginetan, … dabiltzanak, eskola-eremutik eskaintzen zaien ikasteko esparrua mantentzeko.
  • Haurrak, oro har. Pertsona helduok ere ez gara iritsi haiek bezain eraman oneko, sortzaile, eskuzabal eta maitekor izatera. Egoera honetara egokitzen jakin dute zenbait itaun edo galderarekin, erantzukizun handiarekin eta orainarekiko eta biharkoarekiko ilusioa galdu barik.
  • Zailtasun gehigarriren bat duten familiak eta neska-mutikoak. Gizarteak atzerapauso bat eman behar izan du haiek ulertu ahal izateko, haur bakoitzaren beharrizan bereziak errespetatzeko, besteok bakarrik lasai uzten gaituzten etiketa edo sinboloak haiei jarri barik.
  • Adingabeez gain, mendekotasun-egoeran edo autonomia barik dauden adinekoak dituzten familiak. Batzuetan, adinekoekin harremanik ez izateak dakarren min eta guzti maitasuna erakutsiz; eta beste batzuetan, haurren premiak asetzeko eskakizuna eta, aldi berean, adinekoen beharrizanei laguntzeko tarteak bilatzea bateragarri eginez. Oreka hori mantentzea gaitza da eta, askotan, familia zabalari etxea ireki beharra ekarri du, zaintza guztiei eutsi ahal izateko.
  • Lehen arreta-lerroan behar egitera ateratzen diren familiak. Ordu gehiago lan eginez, egoera emozional eta fisiko oso gogorretan jardunez, … batzuetan, gainera, beren familiarekiko urruntzea eskatzen duten egoeratan, kutsatzeko beldurragatik.

Gure familiak eta familia bakoitzak egoera hori aurrera eramateko egin duen eta egiten ari den guztia identifikatzeko gai baldin bagara, berriro errepikatzeko gai izango gara, gure barruan geratuko den ikaskuntza izango da, eta gure seme-alabak hazteko eta hezteko ditugun tresnen kutxan gordeta geratuko da.