Begiradak
Toñi Bueno eta Naiara Cisneros. Ateri-Suspertu SL

 

IRAILAREN 27A, TURISMOAREN NAZIOARTEKO EGUNA

2013an Bilbao Hostelen kudeaketaren eta 2014an Caravaning Kobetamendiko eremuko zerbitzuaren inguruko ardura gure gain hartu genuenetik, gizarteratze eta lan-munduratze enpresa gisa, Suspertu SLren erronka nagusia beti izan da enplegagarritasun-arazoak dituzten pertsonak modu profesionalean gaitu ahal izateko babestutako enplegua sortzea. Ateriren bi instalazio horietan, helburu  hori turismo-jardueraren bidez betetzen da.

Urte hauetan guztietan, Bilbo hiria turismogune gisa etengabe hazten ari zen bitartean (2019an bere errekorra hautsi zuen 1 milioi turista baino gehiagorekin), gure jarduera ere handitu egin zen eta hiriko okupazio handieneko hosteletako bat bihurtu ginen.

Gauza bera gertatu zen bezeroari zuzenduta sortzen genituen zerbitzuen (denak lan-prozesuak dibertsifikatzeko pentsatutakoak) kopuruarekin. Horri esker, kontratatutakoen gaitasun eta ahalmenak handitu daitezke, hala profil profesional zabalagoa erraztuta eta horrek, aldi berean, lan-merkatu arrunterako sarbidea errazten die. Bilbao Hostelen eta Caravaningen talde horietan trebatu dituzten pertsonen kopurua 110 lagun baino gehiagokoa da eta haietako 75 baino gehiago lan-munduratze kontratuak izan ziren.

Arrakasta hori zoritxarreko 2020ko martxo hartan gelditu zen. Une hartan, pandemiak guztia suntsitu eta harreman sozialak ulertzeko modua erabat aldarazi zigun. Horren ondorioz… Nola jarrai genezakeen aurrera erabat suntsituta geratu den eta berriro lehengora ez dela itzuliko dirudien jarduerarekin? Nola egin dezakegu hori ikuspegi sozial, inklusibo eta jasangarritik, berehalako emaitzak lortzeko beharrik izan gabe?

Zaila da; baina gure jarduna berritzeko garaia zen. Jarduera-ildo berriak bilatzeko eta garai berriotara egokitzeko garaia zen. Arriskatzeko unea zen eta kontuan izan behar dugu pertsonengan pentsatuta gutxitan arriskatzen duen eta, askotan, gaurkotasunean galtzen den sektorea dela gurea.

Erne egoteari utzi gabe, enplegu inklusiboko aukerak sortuta instalazio horiek modu eragingarri eta bideragarrian kudeatzeko modua bilatzeko prozesua jarri genuen abian. Horregatik, proiektu berriak jarri ditugu abian, produktu-aukera handitu dugu, gure talde eta instalazioak babesten eta trebatzen ditugu bezeroentzako seguruak eta kalitatezkoak diren zerbitzuak eskainita eta, aldi berean, turismo arduratsuaren eta jasangarriaren aldeko apustua egin dugu.

Lan honi esker, gure jarduera eta langileria berriro bere onera ekartzea lortzen ari gara eta 2021eko udan lortu ditugun asebetetze-indizeak eta okupazioa 2019an lortutako erregistroekin alderatuta oso antzekoak izan dira.

Pixkanaka-pixkanaka, eraikitzen ari ginen norabide onera itzultzen ari gara.