Begiradak
Fran Apecechea – Ateriren komunikazio arduraduna

 

Hornos lurmuturra, Suaren Lurraldearen hegoaldean, nabigatzeko punturik konplexuenetako bat izan da marinel ororentzat. Kalterik gabe zeharkatzea adore, ausardia eta zortea izatearen adierazgarri da. Turismoa bere Hornos lurmutur partikularraren aurrean al dago?

Ostatuen, zerbitzu turistikoen eta ostalaritza-zerbitzuen arloan gabiltzan erakunde guztiek, COVID-19ak sortutako krisia nolabaiteko kezkarekin, erantzukizunarekin eta zalantzarekin bizi dugu. Izan ere, hainbat bidetatik iristen ari diren etorkizunera begirako informazioen arabera, gure sektoreak, datozen hilabetetan, agian urteetan, dimentsio ikaragarriko krisiari egin beharko dio aurre. Aipatzen denaren arabera, jarduera berreskuratzeko 2022. urtera eta hurrengoetara joan beharko dugu.

Bat batean zalantza hauskorren mundu txikia kolokan jarri den gurearen moduko gizarteko herritar parte-hartzaileak garen aldetik jakin-mina izateaz gain, kezka sentitzen dugu gure jardueraren eta misioaren etorkizunaren inguruan, arriskuan dauden lanpostuen inguruan, bizitzen ari garenak gure ohiturei eta beharren eskalei nola eragingo dien, eta ondorioz, bidaiei eta ostalaritzako gure zerbitzuen kontsumoari emango diogun balioari nola eragingo dion.

Gure bezeroen eta gure erakundeak osatzen dituzten pertsonen aurrean, segurtasuna eta osasuna bermatzeko erantzukizuna sentitzen dugu. Etorkizunean, inoiz baino gehiago, babestutako inguruetan lan egiten dugula eta zerbitzuak eskaintzen ditugula bermatzen duten protokoloak diseinatzea eta ezartzea oso garrantzitsua izango da.

Larrialdi-egoeran erabakiak hartu behar dituen taldea osatzen dugun pertsonok, gainera, orain , aldaketaz betetako uneotan, atzean duen historiarekin mehatxatuta dagoen proiektu baten erronka egiteko gai izateko erantzukizuna sentitzen dugu.

Oraindik ez dakigu gure negozioak “normaltasunez” noiz zabalduko ditugun, eta horrek ziurgabetasun handia ematen digu; arlo politikotik, osasunekotik, hezkuntza arlokotik, turistikotik…  ez dakigu zer muga jarriko dituzten gure jardueran; nolako bilakaera izango duen turismoak eta ostalaritzako zerbitzuek gure bizitzetan izan duen garrantziak. Gutxiago bidaiatuko dugu? Gutxiago aterako gara kalera? Orain arte ezagututakora ahalik eta lasterren itzultzeko gure nahia gailenduko da? Gure familiartekoen eta gertukoen osasunarekiko beldurra eta kezka nagusituko dira? Horiek eta beste zalantza batzuk argituko dira aurrera egiten dugun heinean.

Eta hori guztia aurrera begirako ziurtasun itxaropentsu askorik gabe: krisi ekonomiko orokortua, atzerriko bezeroentzat Espainia turismogunea ez izatea

 

Ateri sarearen kasuan (izen horrekin SUSPERTU gizarteratze soziolaboraleko gure enpresari, EDE FUNDAZIOAn txertatuta dagoenari, zerbitzuak eskaintzen dizkion marka komertziala), krisia bi ikuspegitatik bizi dugu:

  • Batetik, oraingo egoera hau Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia… erakundeekin elkarlanean ari gara kudeatzen, betiere, instalazioak hala behar duten eta egoera zaurgarrian dauden taldeentzako larrialdiko aldi baterako ostatu bihurtuz eta horren kudeaketa eginez.
  • Etorkizuna prestatuz eta epe laburrera, ertainera eta luzera gure estrategiak berriz egiteko prozesuan murgilduta. Orain, zorionez, beherakadaz, deskonfinamenduaz eta antzeko kontzeptu itxaropentsuez hitz egiten hasi diren honetan, nahiz eta gero errealitateak beste bide batetik eraman eta bat-batekotasuneko gaitasuna garrantzitsua izan, hausnarketa, autoazterketa eta plangintza izan behar ditugu bidelagun. Etorriko den aldian, ez da nahiko izango merkatura betiko erreminta-kaxarekin ateratzea, tresna eta prozedura berriak txertatu beharko ditugu, eta horietako asko oraindik asmatu gabe daude.

 

Bokazio eta helburu bereziki soziala duen gure enpresa-izaerak, eta are gehiago larritasun-egoeretan, batere hutsalak ez diren gaietan, zaintzan esaterako, oso adi egotera eta gure helburua errespetatzera derrigortzen gaitu: guztiak ez du balio, eta guztiak ez du balio bera. Begirada, beharrezkoa dena, zenbakietara eta haien eskakizunetara bideratzea, baita pertsonengana eta haien ongizatera ere; horrek gure jardueraren gidaria izan behar du.

Hemendik, goraintziak eta besarkada bat gure talde guztiei.  Fadura Egoitza eta  Jatetxea; Mañarikua Egoitza eta AtxuriBBKTalent; Abegi; Trinkete Hostel eta Trinkete TabernaBilbao Hostel eta Kobetamendi autokarabanen eremua; Olakueta EtxeaArrate eta Sarria… Batzuk ohiko postuan lanean, beste batzuk lekuz aldatuta beharra duten instalazioei laguntzeko, besteak etxetik lanean eta aldi batez ohiko lan-jardueratik urrunduta gelditu diren ABEEak eragindako pertsona gehiegi… Horiek guztiak, beren profesionaltasunarengatik, gizatasunarengatik eta proiektuarekiko duten konpromisoarengatik, konfiantza sentiarazten digute etorriko zaigun Hornoseko lurmuturraren aurrean. Altxatu belak!!