Begiradak
Marga Patino – Adinekoak eta familia zaintzaileen Koordinazio-taldea.  EDE Suspergintza

 

Gure kaleetako heroien unea da, botere magikorik eta arma ahaltsurik gabeak, baina maite dituztenak zaindu nahi izateak ematen dien indarrez beteak.

COVID-19aren kontrako borroka honen hasieratik “Heroi” asko sortu dira. Heroi horiek, hainbat sektoretatik, birusak eragindako arazoei aurre egin diete: osasun-sektorea, garraio-sektorea, sektore komertziala eta abar.

Foro honen bidez, beste heroi batzuez hitz egin nahiko nuke: familia-inguruko zaintzaileak. Gaixotasunen bat duten familiartekoak edo adiskideak zaindu ohi dituzten pertsonak, edo alarma-egoera eta konfinamendua dela eta, lagunez, mendekoak diren familiartekoez… kargu egin direnak.

Zaintzaile horiek guztiek egiten duten lana ez da zaintzen dituzten mendeko pertsonekiko maitasun- eta solidaritate-ekintza soilik; izan ere, horrez gain, gure gizartean lan izugarria egiten dute; hain zuzen ere, mendeko familiartekoen zaintza-lana onartuz, gizarte-behar bati erantzuna ematen ari dira. Bestalde, ekintza horrekin, estatuak kostu ekonomiko handiagoa izan dezan saihesten dute.

Uneotan, pertsona guztiok bizi ditugu une zailak egunerokoan; izan ere, etxean itxita egoteak errutina-, jarduera- eta ohitura-aldaketak eragiten ditu oro har, eta zenbait egoeratan oso zaila izan ohi da. “Besteen lekuan jarri” jolasean jolastea proposatzen dizut, eta jar gaitezen mendekotasun-egoeran dagoen pertsona bat zaintzen duenaren lekuan. Aipatutako aldaketez gain, une honetako osasun-alarma egoeraren beste ondorio batzuk gehituko ditugu; beste batzuen artea, hauek:

  • Eguneko arreta-zentroak ixteak etxean zaintza-lanak egiteko denbora eta intentsitate handiagoa eskatzen du mendeko pertsonarekin 24 orduz baitago zaintzailea. Horren eraginez litekeena da zaintzaileen gainkarga maila handitzea, ez baitute arnasa hartzeko edo zaintzarekin zerikusirik ez duten beste gauzak egiteko denborarik.
  • Egoitza-zentroetara bisitak debekatu edo mugatzeak zaintzaileei antsietate eta estres handia eragiten die; izan ere, gehienetan familiartekoaren egoerari buruzko informazioa jasotzen duten arren eta ikusi ahal izateko neurri telematikoak hartzen ari diren arren, beldurra eta larritasuna sentitzen dute mendeko pertsonarekin ezin dutelako egon.
  • Paseo bat ematera irteteko debekuak irudi lezake ez dela hain garrantzitsua; izan ere, guztiok sufritzen eta jasaten dugu egoera hori. Mendeko pertsonen kasuan, batez ere narriadura kognitiboa edo buruko gaixotasuna dagoenean, atera ezin izateak asaldura-egoerak areagotu ditzake, narriadura kognitiboko egoera hasiberriak ager daitezke eta abar. Hori dela eta, askotan, elkarbizitza jasanezina bihur daiteke.
  • Arrisku taldekoak direlako gure familiarteko adinekoenak gaixotzeko beldurraren eraginez, zenbaitek beren etxebizitzak utzi dituzte bakarrik bizi den adineko pertsona maite horrek ez duela ezer behar egiaztatu eta hari laguntzeko. Beste askotan, adineko pertsona horiek lekuz aldatu dituzte eta familiartekoen edo lagunen etxeetan hartu dituzte, horrela zainduta eta lagunduta egon ahal izateko.
  • Konfinamenduak pertsona askoren isolamendu-egoera eragin edo okertu du, gehienetan adinez aurreratuko pertsonen artean, aurrez laguntza-sarerik ez zutenen artean. Gizarte-eragile desberdinetatik, hainbat bitartekoren bidez, ildo horretan ari dira pertsona horiengana iristen saiatzeko. Horrela, telefono-deiak egiten dituzte beren egoerari buruz interesatuz, edo beharrezkoak direla uste den kasuetan, beste laguntza batzuen artean, laguntza psikologikoa ere eskaintzen da egoera hau hobeto jasaten laguntzeko.

Beste heroi batzuen lekuan jarrita, beste errealitate batean egin dugun paseotxo honen ondoren, gustatuko litzaidake azpimarratzea konfinamendua eta osasun-alarma egoera aldi bateko egoera dela. Berehala, gure errutinetara eta lanetara itzuliko gara, orain bertan behera gelditu diren zerbitzuak izango ditugu, maite ditugunak besarkatuko ditugu, kaleetan paseoak emango ditugu, gure lagunekin atera eta familiartekoekin gozatuko dugu. Eta aldi honetan eskuratu ditugun ikaskuntzak erakusteko unea izango da, konfinamendu-egoera honetan bizirauten, irribarre egiten, hunkitzen… lagundu diguten heroi horiei guztiei laguntza emanez, ulertuz, eta nola ez, horiek bistaratuz.