Begiradak
Beijing +25 Taldea

 

2020an, 25 urte bete ziren Nazio Batuen Emakumeen IV. Mundu Konferentzia eta orain arte proposatutako Adierazpen eta Ekintzarako Plataforma global eta aurrerakoienena onartu zirenetik, bizitzaren eremu guztietan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko asmoz. Inflexio-puntua izan zen berdintasun-politikak maila guztietan garatzeko (nazioartean, estatuan eta autonomia-erkidegoan). Hala ere, egindako aurrerapenak gorabehera, benetako aldaketa ez da espero zena izan, eta helburuen zati handi bat ez da lortu.

Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundeak EDE Fundazio gisa parte hartzera gonbidatu gaitu, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako Euskal gizartearen itun sozial eta herritarraren eraikuntzan parte har dezagun, Ekintzarako plataformaren esparruan. Gonbidapena onartu dugu eta, ondotik, elkarrizketak sortu ditugu erakundean, 25 urte geroago, Euskal Gizarteak Beijingo Ekintzarako Plataformarekin duen Itunean gure ekarpenak egin ditzagun.

Horretarako, Beijing +25 Taldea sortu dugu, hau da, askotariko ibilbide, adin eta esparruetako lankideekin osatutako lantaldea. Lantalde hori intersekzionala da, askotariko begirada izateko. Taldeak Generation Equality metodologiarekin egin du lan, urrats sendoa emateko eta dinamikak sortzeko IV. Konferentzian ezarritako erronken lorpena bizkortzeko asmoz.

Izan ditugun bileretan, erakunde gisa lortu nahi ditugun konpromisoak eztabaidatu, jorratu eta zehaztu ditugu. 2026. urtea jarri dugu helburu, eta ordura arte, lanean jarraituko dugu. Oso bilera emankorrak izan dira, eta begirada desberdinak atera ahal izan dira, taldeko kideen heterogeneotasuna tarteko, non guztiok ikasi dugun.

Aipatutako 3 konpromisoak, zeintzuk Nazio Batuek ezartzen dituzten premiazko ekintza-multzo batzuei lotuak dauden, honako hauek dira:

    1. Gobernantza feminista
    2. Erantzunkidetasuna zainketetan
    3. Berdintasunari buruzko parte-hartzea eta prestakuntza

Prozesu horrek beste olatu batzuk sortu ditu, eta lehenengoari gehituz gero, gero eta gehiago hazten ari dira. Horrela, OREKATUZ Batzordeak Beijing +25 Taldearen lekukoa ere hartu du, eta kanpaina bat egin du, joan den martxoaren 8an egindako lana, abian jarri nahi diren konpromisoak eta jarduerak gizarteratzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako gure barne-planen baitan. Hori guztia sinbolismotik eta batasunetik zabaldu nahi izan dugu, gure lan-eremu guztiak zeharkatu dituen zuzi baten bidez. Ikur horrek gure apustu argi eta irmoa erakutsi nahi izan du.
EDE Fundazioak berdintasunaren aldeko bidean jarraitu nahi du, parte-hartzaileontzat lan eta ahalegin handia izango den arren; halere, datozen urteetan inplikazio osoz jardungo dugu. Orain, lan egitea egokitzen zaigu!!