Begiradak
Maider Martiarena eta Miren Harizmendi – Bakeola EDE

Zer ote da urtarrilak 30 nazioartean aitortzen dena? INDARKERIARIK GABEKO ETA BAKEAREN ESKOLA-EGUNA. Zergatik? 1948. urtean Mahatma Gandhi (Indiako independentziaren aldeko politikari bakezalea) bere herriko kulturartekotasunaren alde egin izanagatik erail zutelako. Zertarako egun honen oroitzapena egin? Ohartzeko handikeriak kalteak ekartzen dituela eta gogoratzeko gatazkak era ezbiolentoan bideratu daitezkeela.

 

Gandhi hil zuten erlijio ezberdinen arteko bizikidetza sustatu nahi zuelako eta elkarren arteko berdintasunean sinesten zuelako. Besteen gainetik pasatu nahi izatea jokabide kaltegarria suertatzen da. Hona hemen pasarte adierazgarri bat::

Gandhi barau egiten ari zela, hinduek eta musulmanek beren gorrotoak eta fanatismoak uzteko ahaleginean, hindu etsi eta amorratu bat sartu zen Mahatma ahulduta zetzan lekura, eta hizketan hasi ziren:

– Jan ezazu! ─ oihu egin zion hinduak─. Elikatu zaitez! Hainbeste erru ditut nire ariman, non ez baitut infernura iritsi nahi beste errugabe baten heriotzaren zama nire bizkarrean eramanez. Bat hil dut, jada! Ume bat!

– Zergatik hil duzu? ─ galdetu zuen Gandhik.

– Musulmanek ene alaba hil dutelako! Ene alabatxoa, luzera honetakoa zena!

– Nahi al duzu esatea nola konpentsatu dezakezun pixka bat egin duzun kaltea eta honela sendatu bizitzen uzten ez dizun alhaldura? – Galdetu zuen Mahatmak.

– Nola? ─ ozen galdetu zion hinduak.

– Bila ezazu ume musulman bat, bere gurasoak borroka fratrizida honen ondorioz hil direnak. Bai, zure alabatxoaren luzera berekoa. Adoptatu eta hazi zurea balitz bezala. Baina ziurtatu musulmana dela — jarraitu zuen Gandhik —. Eta egizu bere tradizioen arabera! Hezi ezazu den bezalakoa: musulman bat! Eta egin ezazu probetxuzko gizona.

 

Zer harreman du honek guztiak EDE Fundazioarekin? 1983an, EDE barruan “Ahimsa” sortu zen, hezkuntza-eremuan indarkeriarik eza sustatu nahi zuen lantaldea. Eta Bakeolak, ondare gisa, bide horri jarraitu dio prestakuntza emanez, programak garatuz, askotariko eragile soziokomunitarioen prozesuei lagunduz eta bizikidetza hobea eta bidezkoagoa lortzearren estrategiak eta jarrerak entrenatzea errazten duten materialak landuz.

Ahimsa Lan Taldea – 1997

Ahimsa Lan Taldea – 2006