Begiradak
Naiara San Martin Aguilar. EDE Fundazioko Astialdi Eskolako Koordinatzailea

Datuen arabera, 4 umetik 1ek tratu txarrak pairatu ditu. Erraz gogoratzeko moduko kopurua da, baina jende gutxik ezagutzen du. Eta, azaltzen dudanean, entzuten duenari gerran dauden herrialdeak, gizarte-errealitate prekarioak edo bizi garen tokitik urrun dauden hiri eta herriak etortzen zaizkio burura.  Uste dut errazagoa dela datu horiekin zerikusirik ez dugula pentsatzea.

“Haurren tratu txarrak” zer diren galdetzen dudanean, gehienek “haur bat jotzea” dela esaten didate. “Berarekin indarkeria erabiltzea” diote gehienek; hau da, haien hitzekin, indarkeria fisikoaz hitz egiten didate. Bestalde, azaltzen dudanean indarkeria ez dela soilik fisikoa, indarkeria emozionalak, ikusten ez bada ere, min handiagoa eragiten duela, eta, haur bat ondo ez tratatzeko modu asko daudela, kontua oso bestelakoa izaten da. Batez ere nire inguruko haurren tratu txarren inguruko benetako adibideak jartzen baditut gertatzen da hori; hau da, indarkeriaren askotariko formen gertuko adibideak ematen ditudanean.  Momentu horretan, harridura aurpegiak agertzen dira, identifikatuta sentitzen direnen barre urduriak, zalantzan jarri dituzula sentitu dutenen haserreak… eta, lasaitu ondoren, arduradun sentitzen garenez, kezka azaltzen da.

Eta, hala da, helduok gara haurren tratu txarrekin bukatzearen arduradun. Eta hori positiboa da, ez baikara kasu hipotetikoez ari, gure ingurura begiratzeaz baizik: zuen seme-alabak, zuen ilobak, zuen bizilagunak… gure inguruko 4 haurretik 1ek tratu txarrak jasaten ditu uneotan eta ez gara ezer egiten ari.  Baina zifra hori alda dezakegu, alda dezakegu haurrengana zuzentzeko gure modua, haien mailan jar gaitezke haiek entzuteko, haien partaidetza bultzatzeko eta babesteko, heldu gisa prebenitzen ikas dezakegu eta laguntza eska diezaguten baliabideak erakuts diezazkiekegu, ELKARZAINTZA praktika dezakegu, eta planto egin dezakegu, hemengo zein hango ume gehiagok ez dezan tratu txarrik jasan.

4 haurretik 1ek guk jardutea behar du. Haurren aurkako tratu txarrak uste duguna baino gertuago gertatzen dira; ez ahaztu zifra hori eta ekin!

 


 

Ikuspegi horretan oinarrituta eraiki genuen BABESTEN EDE Fundazioan, honako helburu honekin: “Astialdirako espazio hezitzaileak lortzea, seguruak eta tratu onekoak izango direnak haurrentzat, nerabeentzat eta gazteentzat, baita espazio horiek kudeatzen eta dinamizatzen dituzten gazteentzat ere”.